Gaza eta Zisjordaniaren istorioa zabaltzen

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2025ko urt. 27a, 12:16

Mariñe Jauregi eta Mitxel Elortza 'Asktasun doinuak' ipuinaren egileak. zorrotz

Ilbeltzaren 31, ostirala, 'Askatasun doinuak' ipuin kontaketa eta tailerra eginen dute Mitxel Elortza idazleak eta Mariñe Jauregi ilustratzaileak, Altsasuko Iortia kultur gunean. Palestinako gatazka haurrei azaltzeko ipuin bat da.

Askatasun doinuak ipuinean haurrak erdigunean jarri ditu Mitxel Elortza idazleak: "Azken urte hauetan palestinar herriak sufritu duen genozidioa esan daiteke haurren kontrako genozidioa izan dela. 47.000 hildakoetatik %60 haurrak eta emakumeak dira. Nola ez ditugu haurrak erdigunean jarriko horrelako gatazka edo genozidio baten aurrean?". Premisa horretatik abiatutako Elortzari bururatu zitzaion Palestina pertsonifikatzea eta ipuina sortzea, "haurrei kontatzeko eta gatazka honen aurrean parte aktibo izan daitezen". Mariñe Jauregi ilustratzaileak irudiak egin zituen, eta Zorrotzek argitaratu zuen. Ilbeltzaren 31n, ostirala, 18:00etan, ipuin kontaketa eta tailerra eginen dute, Altsasuko Iortia kultur gunean.

"Gatazkak oso konplexuak direnez, modu erraz batean ulertzeko Palestina pertsonifikatu dugu"

"Gatazkak oso konplexuak direnez, modu erraz batean ulertzeko Palestina pertsonifikatu dugu". Hortaz, Palestina familia bat da eta Zisjordania eta Gaza bere seme-alabetako bi dira. "Pertsonaia horien bitartez gehienbat eskualde horietan pairatzen duten sufrimendua azaltzen saiatu naiz". Hori guztia musikarekin uztartu dutela gaineratu du Elortzak, "musikak berebiziko garrantzia du". Familia musikaria da eta Gazak laud arabiarra jotzen du eta Zisjordaniak mijwiza.

"Hasieran pertsonaiak aurkezten ditugu eta iristen da momentu bat non sufrimendua eta ezinegona horren handia denez musikaren bidez bidegabekeria horiek guztiak salatzen saiatzen direla". Hortik dator ipuinaren izenburua: "Askatasun doinu hori mundu osotik zehar barreiatzen dute". Ipuinaren amaieran haurrei zuzentzen zaie eta ea Gazak eta Zisjordaniak interpretatutako doinua entzun duten galdetzen diete. "Pintzelak, instrumentuak, margoak eta abar hartzeko eta elkartasuna adierazteko eskatzen diegu". Ipuinaren helburu nagusia elkartasun uholdea Euskal Herritik Palestinaraino heltzea dela esan du idazleak.

Aurkezpena
Ipuina Mariñe Jauregi ilustratzailearen lanarekin osatzen da. Collage estiloaren bitartez egin ditu irudiak, "eta horrek ere oso puntu berezia ematen dio ipuinari". Aurkezpenetan proiekzioak egiten dituzte, eta haurrek Jauregiren sortze prozesua zuzenean ikusteko aukera izaten dute ere: "Kamera bat jartzen du eta collage estilo hori haurrek ikusteko aukera izan dezaten bertan sortzen du". Musikak ere garrantzia handia duenez, Elortzak pianoarekin Genozidioaren aurka konposatutako obra interpretatutako du Iortia kultur gunean. Kontakizunaren ondoren tailertxoa egingo dute: "Haurrek Zisjordania eta Gaza etxera eramateko aukera izan dezaten nahi dugu, eta orduan collage estilo horri lotuta,modu sinple batean, euren pertsonaia gustukoenak edo biak egingo dituzte etxera eraman ahal izateko".