Txirrindularitza

Iker Gomez, Finisherren aurkezpenean

Guaixe 2025ko urt. 23a, 10:00

Iker Gomez, ezkerrean. @EQFINISHER

Afizionatuen taldeak ilbeltzaren 20an egin zuen aurkezpena, Iruñean, eta denboraldia hasteko gogotsu dago

Ilbeltzaren 20an Kern Pharma profesionalen taldeak 2025eko aurkezpena egin zuen Iruñeko Tres Reyes hotelean. UCI Pro Team taldean ez dago txirrindulari sakandarrik ezta kirol zuzendaririk ere, Pablo Urtasunek talde berdea utzi eta Euskaltel Euskadira egin baitu salto kirol zuzendari gisa. Talde nagusiarekin batera harrobiko taldea aurkeztu zuten, Finisher talde amateurra, eta bertan egingo du salto afizionatuetara Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarrak. Joan zen urtean Finisher taldean aritu zen Aimar Tadeo lakuntzarra, baina taldea utzi eta Euskadi Fundazioarekin ariko da aurten. 

Iker Gomezek erronka ederra du aurretik, eta gogotsu dago. Ander Altuna kirol zuzendariaren esanetara ariko da. Finisherrek hogei txirrindulariz osatutako plantilla du. “Uste dut azken urteetan izan dugun talderik onena dela aurtengoa. Lehen urteko hamaika txirrindulari eta bigarren urteko sei txirrindularik osatzen dute taldea, txirrindularitzan denbora gehiago daramatenekin batera. Nahiz eta bloke gaztea izan, jubenilen mailan maila bikaina eman duten txirrindulariak dira, espektatiba handiak dituztenak. Orain arte egindako kontzentrazioetan oso gogotsu ikusi ditugu” azaldu zuen Altunak aurkezpenean. 

Taldeak denboraldia otsailaren 1ean hasiko du Iparraldeko Essor Basque-ko bost probatan.