ARIKETA FISIKOA

Altsasuko kirol zerbitzua "oso pozik" aitortzarekin

Maider Betelu Ganboa 2025eko urtarrilaren 28a

Vivifrail programako lehen txandan parte hartu duen taldeetako bat. Altsasuko kirol zerbitzua

Altsasuko Udalak Nafarroako Gobernuaren Kirol Golardoa jasoko du "kirola eta osasuna modu integralean lantzeko izan duen ikuspegi eredugarriarengatik". Zahartze aktiboa, haurren obesitatearen kontrako errezeta eta beste sustatzen ditu

Nafarroako Gobernuak Kirol Golardoak sariketarekin urteko kirolaririk eta kirol entitaterik onenak saritzen ditu. Tartean, Altsasuko Udalak 2024ko kirol materia hobekien lantzen duen udalaren saria jaso du, "kirola eta osasuna modu integralean lantzeko izan duen ikuspegi eredugarriarengatik. Adin guztietara bideratutako programak landu ditu, esaterako, haurren obesitatearen kontrako kirol errezeta programa edo Altsasu mugitzen ari da programa, zahartze aktiboa sustatzekoa. Programa hauek aurrera ateratzeko udal baliabideak ezin hobe kudeatu dituzte, koordinazio paregabea eginez, besteak beste, osasun langileekin". Sari ematea otsailaren 26an izango da, 19:00etan, Nafarroa Arenan. 

Altsasuko udaleko kirol teknikari Sara Salazar Romok "oso pozik" jaso du berria. "Ariketa fisikoak osasunean duen onura zabaldu nahi dugu, eta ariketa fisikoa egiteko baliabideak jarri. Sari hau egindako lanaren aitortza da. Antolatutako programetan jendeak izan duen erantzuna eskertzekoa da. Eurekin lan egitea oso atsegingarria da". 

Haurren obesitatea
Altsasuko Udalak hiru programa nagusi lantzen ditu osasun langileen eta Ataboko monitoreen inplikazioarekin. Batetik, haurren obesitatearen prebentzioko programa dago. "Sei urte inguru daramagu honekin. Pediatrak obesitatearen prebentzioko kirol errezeta ematen die egoera horretan dauden haurrei, eta programaren bidez Dani Echeverri kirol orientatzailearengana bideratzen dituzte. Ariketa fisikorik egiten ez duten haurrak izaten dira normalean, eta euren inplikazioa lortzea ez da erraza izaten. Orientatzailearekin dauden aukerak aztertuko dira: multikirola, ziklo indoor, kirol eskolak... Urtero 25 haur inguru izaten dira. Aurten irailetik abendura bitartean hamazazpi haur daude programan". 

Sara Salazar: "Gure programetan parte hartzen dutenekin aritzea oso aberasgarria da. Eskertuta gaude"


Altsasu mugitzen ari da
Lantzen den beste programa bat da Altsasu mugitzen ari da. Hasieran Josefina Arregi Klinikarekin elkarlanean hasi zen, "baina egun Atabo udal enpresarekin elkarlanean egiten dugu. 70 urtetik gora eta mugikortasun edo bestelako zailtasunak dituztenei zuzendutakoa da. Bi talde daude, eta urtero 35 pertsona inguru animatzen dira ikastaro hauetara. Jendea pozik dago, eskertuta, ariketa fisikoaren onura ikusten duelako". Ikastaro honetatik sortu ziren Mugitu I, Mugitu II, 60 urtetik gorako jarduerak, eta aurten beste programa bat gehitu zaio: Vivifrail. 

Vivifrail
Vivifrail programa 60 eta 69 urte bitarteko jendeari bideratua dago, eta zahartze aktiboa sustatzea da helburua. Adin tarte horretako altsasuarrei eskutitza bidali zien udalak, Iortian egin zen hitzaldi batetara gonbidatzeko. "Adin tarte batetik aurrera ez da nahikoa paseatzearekin. Oreka eta indar ariketak egin behar dira" argi du Salazarrek. 220 altsasuarrek eman zuten izena Vivifrailen, eta bi txanda egin dituzte. "Jendearen erantzunak gainditu gaitu. Leku gehiago balego, jende gehiago animatuko litzateke". Lehen txandako 120 altsasuarrek abendura arte parte hartu zuten programan, eta Ataboko monitoreekin hamabi ariketa fisiko saio egin zituzten. Parte hartzaileek giharretako indarraz aparte, oreka, malgutasun eta ariketa aerobikokoak egin zituzten. Otsailetik aurrera bigarren txanda hasiko da, beste 100 altsasuarrena. "Helburua da programan parte hartu dutenak ariketa fisikoaren onuraz jabetu daitezela, aktibo bilakatu daitezela, Atabon edo bestelako ikastaroetan ariketa fisikoa egiten jarrai dezatela eta hurrengo Vivifrail deialdian jende berria sar dadila. Horrela guztien zahartzaro aktiboa lortzeko bidean jarriko gara". 

Eskertuta
Sara Salazarrek Altsasuko kirol zerbitzutik bideratutako programak aurrera atera ahal izateko inplikatu diren pediatrak eta osasun langileak, Mank-eko Sakanako Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuko kirol orientatzailea eta Zelandiko Ataboko langileak eskertu ditu. "Pozik gaude, osasuna eta ariketa fisikoaren inguruan geroz eta ekimen gehiago aurrera eramaten ari garelako. Nafarroako Gobernutik jasoko dugun Kirol Golardoarekin eskertuta gaude baita ere. Egindako lanari aitortza da. Gure programek duten erantzunagatik eskerrak eman nahiko nituzke. Parte hartzen dutenekin aritzea oso aberasgarria da.