2024/2025 denboraldiko hamahirugarren jardunaldia jokatu zuten asteburuan CBASK-eko talde nagusiek Zelandi kiroldegian.
Gizonezkoen bigarren maila autonomikoko CBASK Narum Fisioterapiak ezin izan zuen aurreko asteko garaipenaren bidetik jarraitu, eta 55-65 erori zen lidergoagatik borrokatzen ari den Nasabi San Ignacio taldearen kontra. Hasieran paretsu aritu ziren bi taldeak; Nasabi aurreratu zen, baina CBASK-ek berdintzea lortu zuen. Hortik aurrera, Nasabi tartea ateratzen hasi zen, eta aldea mantendu zuen bukaeraraino.
Altsasun lortutako garaipenari esker Nasabi San Ignacio da gizonezkoen bigarren maila autonomikoko lider berria (24 puntu). CBASK Narum Fisioterapia zortzigarren da (19 puntu). Ilbeltzaren 25ean, 17:50ean, talde altsasuarrak sailkapenean bosgarren eta arerio zuzena den Humiclima hartuko du Zelandin.
Emakumezkoen lehen senior mailan, CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak urteko bigarren garaipena lortu zuten jarraian, partida borrokatuan Burlatari 47-63 irabazita. Bi taldeak nor baino nor aritu ziren, hiru aldiz berdindu zuten, baina altsasuarrek tarte ederra ateratzea lortu zuten. Azken txanpan Burlata gerturatzear egon zen, baina irudipen hutsa izan zen, CBASK-ek takada ederra lortu eta 16 punturen aldearengatik gailendu baitzen. Ainhoa Calleiras izan zen puntu gehien lortu zuen jokalaria: 19 puntu.
Larraona Claretek segitzen du emakumezkoen lehen senior mailako lider (22 puntu). CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldea laugarren postura igo da (20 puntu). Ilbeltzaren 25ean, larunbata, talde altsasuarrak sailkapenean seigarren den Valle de Egües A taldea hartuko du Zelandin, 16:00etan.