Futbola

Altsasu liderrak bide beretik segitzen du

Guaixe 2025eko urtarrilaren 28a

Emakumezkoen preferente mailako hamalaugarren jardunaldiak Altsasuren hamaikagarren garaipena ekarri du

Ez dago inor emakumezkoen preferente mailako Altsasu geldituko duenik. Ilbeltzaren 25ean Cantolagua izan zuen aurkari, Zangozan. 7. minutuan etxeko taldea aurreratu zen eta lehia bizia izan zuten bi taldeek. 28. minutuan Deyanira Apontek bana berdindu zuen, eta Nerea Arellanok 45. minutuan sartutako golarekin atsedenaldira 1-2ko errentarekin joan ziren altsasuarrak. Bigarren zatian liderraren festak jarraitu zuen: Janire Lopezek, June Alzelaik eta Maddi Mariñelarenak Cantolaguaren atea zulatu zuten, eta 1-5 irabazita itzuli zen Altsasu. 

Altsasu liderrak 35 puntu ditu eta Gazte Berriak bigarrenak 27 puntu. Otsailaren 1ean, larunbata, Altsasuk sailkapenean hirugarren den Universidad de Navarra hartuko du Dantzalekun, 19:00etan.