Altsasuko EH Bilduk jakinarazi du udaleko aurrekontu eztabaidan atzera botatako bi zuzenketako edukiak mozio gisa aurkeztuko dituela ilbeltzaren 29ko osoko bilkuran. Koalizioko zinegotziek argudiatu dutenez, "alkatetzatik bi gai horietan jasotako ezezkoak zuzendu nahi ditugu. Gure ustez, garrantzitsuak dira eta, gainera, aldez aurretik hartutako konpromisoek berresten dituzte".
Mozioetako bat argiteria publikoarekin zerikusia du. Herriko toki jakin batzuetan duen argiztatze eskasak puntu ilunak sortzen ditu. Horregatik, "segurtasun eza eta beldurra eragiten duten puntu ilunak eta/edo ezkutuak identifikatzeko duen helburua duen mapa egitea" eskatu du koalizioak. Gainera, "azterketatik eratorritako neurri zuzentzailea ahalik eta lasterren hartzea". EH Bildutik argudiatu dutenez, "premiazkoa da Altsasuko emakumeen bizi kalitateari zuzenean eragiten dion egoera honi aurre egitea. Gizarte matxista honetan, puntu horiek beldurra eta segurtasun ezaren sentsazioa sortzen dute, eta, beraz, benetako jarduketak eta konpromisoak behar dituzte, egun jakin batzuetan egindako adierazpenetatik harago". Udalaren berdintasun ordenantzan jasoa dagoen eta egin gabe dagoen jarduera bat dela azpimarratu dute koalizioko zinegotziek.
Bigarren mozioa "alokairu sozialeko etxebizitzak sustatzeko politika publikoak bultzatzeari" dagokio. EH Bilduk eskatuko du udalak San Pedro taldean dituen bi etxe hutsak birgaitzeko proiektua ahalik eta lasterren egitea. Eta bi etxebizitza horiek Nasuvinsaren birgaitze programan sartzea, ondoren alokairu poltsan sartzeko. Gogorarazi dutenez, "birgaitzeko diru-laguntzen programari helduta, 60.000 eurora arteko diru-laguntzak emango lituzke etxebizitza bakoitzeko, eta udal-jabetza gisa mantenduko lituzke". Mozio berean EH Bilduk eskatu du udalak "poltsa publiko horri buruzko informazio-kanpaina bat egitea, eta poltsa horrek errentariendako dituen baldintzei eta bermeei buruz. "Helburua da etxe hutsak dituzten jabe partikularrak poltsa horretan sartzea eta alokairu sozialeko etxebizitzen eskaintza handitzea. Horretarako, Udala eredu izan behar du", nabarmendu dute.