CBASK-eko bi talde nagusiak Israelgo Maccabi taldearen zuritzearen aurka eta Palestinaren alde azaldu ziren larunbatean Zelandin. Maccabi Baskoniaren kontra jokatzekoa da Gasteizen, eta hainbat talde eta erakundek Israelgo taldearen bisita gaitzetsi eta partida ez jokatzeko eskatu dute, tartean CBASK-ek.
Kirol arloari begiratuta, CBASK-eko bi talde nagusiek garaipen sendoak lortu zituzten larunbatean Zelandin.
Mutilen bigarren maila autonomikoan CBASK Narum Fisioterapiak 80-79 irabazi zion Humiclimari partida borrokatu eta lehiatuaren azken segundoetan. Bi taldeak nor baino nor aritu ziren, hamasei aldiz berdindu zuten, eta azken segundo eroetan, bozina gainean, puntu baten aldeagatik gailendu zen. Sailkapen orokorrean Nasabi San Ignaciok jarraitzen du lider (26 puntu) eta CBASK zortzigarren postuan dago (21 puntu). Otsailaren 1ean, larunbata, talde altsasuarrak Egues Aranguren Mutilbasket izango du aurkari, 18:00etan, Irulegi kiroldegian.
Nesken lehen senior mailako CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak garaipen sendoa lortu zuen, 52-28 Valle de Egüesen kontra, lehen faseko hamalaugarren eta azken jardunaldian. Larraona Claret izan da lehena (26 puntu) eta talde altsasuarra laugarrena (22 puntu). Laugarren postu horri esker, bigarren fasean lehen senior mailako 1 eta 8 postuen arteko multzoan lehiatuko da CBASK Xabi Gorriz Tattoos. Otsailaren 7an, ostirala, 20:00etan, talde altsasuarrak Navasket SF´Old taldea hartuko du Zelandin.