Su etenaren Aldeko Nafarroako Osasun Langileak, NASAFek deituta, osasun etxeetan bilkurak egin ziren ilbeltzaren 30ean. "Su eten iragarpena Gazako herritar palestinarrendako lasaitua da, baina, aldi berean, duen arriskuaz gaztigatu nahi dugu. Lehenik, agintari israeldarrek eta amerikarrek argi utzi dutenez, hau ez da su eten iraunkor bat. Hiru faseko prozesu bat da adostutakoa, eta bakarrik aurrena dago zehaztuta, martxoaren 1eraino iraunen duena". Israelgo gobernu agintariek "borrokan" jarraitzeko asmoak txarretsi ditu NASAFek. Gaineratu dutenez, "akordioko inongo puntutan ez da aipatzen Israelen okupazioak eta apartheid sistemak bukatu behar duenik".
Gaztigatu zutenez, "Israelek bahitutako osasun langileak ez dituzte askatu, are gehiago, haiek non eta nola dauden ez dakite. Egun hauetan kamioietan sartzen ari den osasun materiala ez da nahikoa hamabost hilabeteko eraso izugarriek sortutako beharrei erantzuteko".
Horregatik, NASAFek sei eskaera egin ditu atzera ere. Lehen-lehenik, "berehalako su etena Ekialde Ertain osoan". Bestetik, "Israelek bahitutako pertsonak askatzea, bereziki, osasun langileak". Aldi berean, eskatu dute "Gazan giza laguntza eta osasun produktu nahikoa sartzen uztea". Horrekin batera, NASAFekoek eskatu dute "palestinarrei osasun zerbitzua eskaini ahal izateko, osasun azpiegitura guztiak berreraikitzea". Gainera, "Israelekin harremanak eteteak eta zigorrak aplikatzeak, Nazioarteko Zuzenbideak ezartzen duen bezala, genozidioaren konplize bihurtzen gaituelako". Azkenik, Teva farmazia enpresaren produktuei boikot egitera deitu dute, "Israelek palestinarrei ezartzen dien apartheid sistemaren parte baita".