Sunsundeguin hiruko mahaia sortzea eskatu du LABek

Guaixe 2025ko ots. 5a, 11:50

LABek deitutako batzarraren ondoren bilkura egin zuten. UTZITAKOA

Gobernuaren, konkurtso administrazioaren eta sindikatuek lukete tokia mahai horretan, eta enpresarendako industria irtenbidea bilatzea luke helburu.

Sunsundeguiko LABek langileak batzarrera deitu zituen atzo. Batzarraren helburua zen enpresak bizi duen egoeraren berri ematea eta irtenbideak eskatzea. LABek eskatu du "lehenbailehen Nafarroako Gobernuaren, sindikatuen eta Sunsundeguiko konkurtso administrazioaren arteko hiruko mahai bat sortzea". LABen iritziz, mahai horretan "lantegiaren etorkizunarekin zerikusia duen edozein gai jorratu eta industria konponbide bat bilatzea" luke helburu.

LABek "kezkaz" ikusten du Sunsundeguiren etorkizunari buruzko albiste falta. "Argi dugu interesa egon dela eta badagoela Altsasuko lantegiaren inguruan, baina ez dugu zehaztasunik ikusten, ezta konponbidea ekarriko duen plan industrialik ere". Sindikatutik azaldu dutenez, "langileak nekaturik daude egoerarekin". Gogorarazi du langileak langabeziagatiko prestazioa agortzen ari den aldi baterako enplegu erregulazio espediente batean daudela, "eta ez dakite deus haien etorkizunari buruz". LABeeko kideen iritziz aipatu espediente hori "ez da modu bidezkoan aplikatzen ari, eta hala jakinarazi diogu konkurtso administrazioari".