Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuko batxilergoko lehen mailako ikasleek Adimen Artifizialari buruzko hitzaldia hartu zuten otsailaren 3an. Hizlaria Hunberto Bustinze Sola izan zen, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Estatistika, Informatika Eta Matematika saileko Konputazioaren Zientzia eta Adimen Artifizialaren ataleko irakaslea eta katedraduna. Hark esandakoak adi jarraitu zituzten ikasleek.
NUPen eginkizunen artean gizarteari aurrera egiten laguntzen dioten jarduerak garatzea dago, kultura eta arte izaera duten unibertsitate hedapenekoak hain zuzen ere. Horregatik, NUPen Unibertsitate Hedapeneko eta Gizarte Erantzukizuneko Atalaren bidez, zientzia hedapeneko hitzaldien programa antolatu du batxilergoko ikastetxeendako. Horretaz aparte, zientzia hedapeneko hitzaldiak, dokumentalak eta erakusketak daude, unibertsitate campusean eskaintzeaz gain Iruñeko beste leku batzuetan eskaintzen direnak, bai eta gizarte osoarendako zabalik dauden prestakuntza ikastaroak ere.