Altsasuko Udalak, aho batez, erabaki zuen genero-ikuspegia duten "puntu ilunen" mapa zorrotz, espezifiko eta espezializatu bat egiteko agintzea. Lan hori aurtengo lehen seihilekoan egitea erabaki zuen. Horrekin batera, azterketa horretatik eratortzen diren neurri zuzentzaileak ahalik eta lasterren hartzea ere adostu zuen. EH Bilduk aurkeztutako mozio bat onartu zuen horretarako azken udal bilkuran.
Koalizioak argudiatu zuenez, aurrekontuetan sartzeko emendakina aurkeztu zuten. Baina onartu ez zietenez, mozio bidez zuzendu nahi izan zuten egoera. EH Bildutik azaldu zutenez, Altsasuko Udaleko emakumeen eta gizonen berdintasunerako udal ordenantzak lan hori egin beharra jasotzen du: "legegintzaldi bakoitzean, herriaren mapa bat egingo da, emakumeendako segurtasunik eza eragiten duten udalerriko puntuak konpontzeko". EH Bildukoen iritziz, "konpromiso hori bete gabe dago eta premiazko da honi aurre egitea, egoera horrek zuzenean eragiten baitio pertsona askoren bizi-kalitateari, batez ere Altsasuko emakume askori". Javier Ollo Martinez alkateak gogora ekarri zuen aurrekontuak onartu aurreko Ogasun Batzordean erabaki zela helburu horretarako dirua bideratzea aurrekontu aldaketa bat eginda.
Bilkura berean atzera bota zen EH Bilduk aurkeztutako udal etxebizitza pare baten inguruko mozioa. Besteak beste, San Pedro taldean dauden bi etxebizitzak birgaitzeko proiektua egin eta haiek Nasuvinsaren birgaitze programaren sartzea proposatu zuten, ondoren enrpesa publikoaren alokairu poltsan bukatzeko.
Hitzartzea
Udal bilkurara frontoi txikia eraikitzearen kontra dauden dozena bat herritar joan ziren. Udalaren aurrean hitz egiteko eskaera egin zuten eta, haietako batek eraikitzen ari diren kirol azpiegituraren kontra dituzten argudioak azaldu zituen. Kokapena eta horren ondorioak eta urbanistikoak izan ziren batzuk. Baina funtsezkoena haien iritziz, Burunda frontoia zabaltzea da, horrek pilotaleku txikia egiteko arrazoirik ez izatea ekarriko luke.