"Oso harrera ona izan nuen. Jendea oso adeitsua izan da, oso gertukoa; familian bezala egon ginen". Ilbeltzaren 31n Ola Arafatek Salam Gaza Nafarroa elkarteko presidenteak Sakana Harrera Haranak antolatutako hitzaldia eman zuen Altsasuko Iortia kultur gunean. Gazan jaioa, 2002. urtean heldu zen Nafarroara; Palestinako egoera gertutik ezagutzen du bertan familia duelako. Elkartea "laguntza zuzenean" bidaltzeko sortu du.
Nolakoa zen Gazako egoera etorri zinenean?
Etorri ginenean Palestinako Aginte Nazionalak gobernatzen zuen; Jassir Arafatek gobernatzen zuen Palestinan eta Gazan. Mugak irekita zeuden, itsas portua genuen... Orokorrean lasai bizi ginen, Israelek zaplaztekoa ematen zuen arte. Nahi duenean bonbardeatzen zuen eta du. Dena dela, egungoarekin alderatuz, beste egoera bat zen; sartu eta ateratzen ahal ginen.
Nolakoak izan dira urte hauek?
2006an hauteskundeak egon ziren eta Hamasek irabazi zuen Gazako zerrendan, eta Munduak laguntzak eten zituen. Mundarendako terroristak gobernatzen ari ziren. Baina terroristak baziren, zergatik utzi zieten hauteskundeetara aurkezten? Aurkezten utziz gero, irabazten duena onartu behar da. Garai horretan mugak itxi zituzten eta laguntzak Zisjordaniara iristen ziren bakarrik. Arazoak hasi ziren: ura eta elektrizitatea moztu zuten...
"2006tik Gaza espetxe handi bat izan da, urik eta elektrizitaterik gabekoa"
2006tik jendea egunean bi edo hiru orduko elektrizitatearekin bizi zen. Esaten dute: auzo honetan 8:00etatik 11:00etara egongo da elektrizitatea. Horrela izan da ia 20 urtez. Itsas portua txikitu zuten, muga itxi zuten eta ezin zen ez sartu ez atera. Ordutik Gaza espetxe handi bat zen; urik eta elektrizitaterik gabeko espetxe bat. Zerrendan bakarrik mugitu zitekeen; sartzea arrisku handi bat zen.
Nola bizi izan duzu hemendik?
Gertutik bizi izan dugu. Garai horretan nire senarra alabarekin jaitsi zen, bere ama bihotzetik operatu behar zuten eta joan zen. Ni ez nintzen joan haurdun nengoelako eta ez zidatelako joaten utzi. Joan zen momentu horretan dena aldatu zen eta bonbardaketak eta abar hasi ziren. Oso gaizki pasa genuen. Sartzen bazara ez ateratzera arriskatzen zara. Horregatik ni ez naiz ordutik itzuli. Itzultzeko beldur handia dago. Nik askotan esaten dut: Gazatik atzeratzen dena jaiotzen da; sartzen dena hil egiten da. Gogorra da, baina horrela da. Zer desberdintasun dago nire seme-alaben eta nire iloben artean? Ez dago. Baina nireek zortea izan dute hemen bizitzeagatik eta besteak Gazan geratu dira. Oso bizitza zaila da. Gerra askotatik pasatu dira; genozidio askotatik. 2006an bat egon zen, 2012an beste bat oso gogorra izan zena, 2014an... Baina horiek desberdinak ziren gehienez 42 egun zirelako. Munduak esku hartzen zuen eta gelditzen zituen. Baina egia esan Israelek egunero erasotzen du Gaza; gauza da egunean 500 hildako ez badira, badirudiela ez zaiola inori inporta. Genozidioa aspalditik dator, betidanik; 1948tik. Palestina okupatutako herrialde bat da. Ilobak 13 urterekin bost gerra bizi izan ditu. Ez du inoiz gauez elektrizitaterik ikusi; argizariari ohituta daude.

2023ko urriaren 7a. Nola bizi izan zenituen egun hori eta ondorengo hilabeteak?
Niretako urriaren 7a eta hamabost hilabete hauetan egon den genozidioa palestinar auzirako ongi etorri da. Azalduko dut: Okupatzaile israeldarrari mozorroa kentzeko balio izan du. Beti esan izan da Israelgo ejerzitoa edukatuena eta gizatiarrena zela. Diskurtso hori saltzen ari ziren, eta munduaren zati handi batek esaten zuen guztia sinisten zuen eta gezur asko justifikatzen zituzten. Baina hamabost hilabete hauetan errealitatea ezagutarazi da. Mundu osoaren aurrean eta sare sozialen bidez ospitaleak erasotu dituzte, ikastetxeak, eta biktimak haurrak eta emakumeak ziren. 1948tik esaten zituzten gezurrak azaleratu dira; haiek esaten zuten palestinarrak ginela terroristak eta haiek biktimak. Baina horren ondoren errealitatea erakutsi dute. Niretako hori oinarrizkoena izan da. Gazan gertatu denak ere balio izan du erakusteko giza eskubideen diskurtsoa saltzen zituzten horiei. Ikusi dugu orain arte saltzen zituzten diskurtso horiek ere gezurrak zirela. Milaka errugabe hil dituzte. Orain palestinar auzia gobernarien ahotan dago eta konponbide bat behar du.
"Edozein zauri ongi garbitu behar da puntuak jarri aurretik, bestela zabalduko da"
Ni zientifikoa naiz, farmazialaria, eta badakit edozein zauri ongi garbitu behar dela puntuak jarri aurretik. Hori da gertatzen dena Palestinan: puntuak jartzen dira baina zauria oraindik oso-oso infektatuta dago. Denbora batez ongi egongo da, baina infekzioa handitzen denean zauriak eztanda egiten du eta irekitzen da berriz ere. Orduan, nola garbi dezakegu zauri hori? Mundu osoak uste du 600 kamioi eta laguntza humanitarioa sartuko denez edo Gaza berreraikiko dutenez, arazoa konpontzen dela. Baina nire iritzia da, eta palestinar askok berdina uste dute, hilabete bat, urte bat, hamar urte edo dena delakoak egongo direla isilik, baina zauria infektatuko da eta zabalduko da. Zein da konponbidea? Estatu palestinarra eman behar zaie. NBEko 242. eta 383. ebazpenetan azaltzen da: palestinarrek estatu bat izan behar dute Zisjordania eta Gaza, eta Jerusalemeko ekialdea hiriburu dutela. Duela 30 urte bat inguru esan zuten, eta ez dute bete.
Aurrerapausoak ez dira ematen.
Arazoa konpontzeko prest dagoen jendeari 30 urte atzera egitera eta ebazpen horiek hartzera deitzen diot. Nik uste konponbide bakarra dela. Bestela, anestesia ematea bezala da. Mina kentzen ari zara, baina une baterako bakarrik. Mina itzuliko da. Hamabost hilabete hauek ere erakutsi dute herri palestinarra oso indartsua dela; gure DNAn dago. Borrokatzen jarraituko dugu. Erakutsi dute zer den gazatiarra izatea. Munduak uste zuen gazatiarra munstro bat zela, baina erakutsi dute jatorrak eta esker onekoak direla.
Nola ikusten duzu su etena?
"Su etena aringarri bat izango da; baina zauriak irekiko ditu ere"
Su etena aringarri bat da. Hainbeste zarata eta minaren artean lasaitasun pixka bat. Gutxienez sei aste hauetan ez da hildako gehiagorik izango. Biziraun dutenek edo familiarekin gelditu direnek, behintzat badakite aste hauetan ez dutela inor gehiago galduko. Minutu batetik bestera beste senideren bat galdu zezaketela pentsatuz bizi ziren. Baina su etenak zauri asko irekiko ditu. Lehen jendea bizirauten okupatuta zegoen; pentsamendu bakarra nola biziraun zen. Orain senideak bilatzeko eta aurkitzeko momentua da. Hegoaldera joan zirenak iparraldera itzultzen ari dira, eta badakite jende asko galdu dutela, baina jakin gabe zehazki nor. Oso gogorra da. Jendeak badaki senideak eta lagunak galdu dituela. Badakite etxea bonbardatu zutela, baina ez dakite bere senideak etxean zeuden edo ez. Nire koinataren kasuan, adibidez, 34 senide hondakinen azpian daude. Orain itzuli da eta bere eskuekin gurasoak atera nahi izan ditu. Baina ezinezkoa da; ez dute tresneriarik. Orduan, zure etxea izandakoaren gainean daude, jakinda senideak behean daudela. Gaixotasunak ere larritzen naute. Gorpu batzuk urte bat baino gehiago daramate hor, orain bilatzen hasi dira, gorpua hartu eta besarkatu nahi izatea... Zer bakteria egongo dira hor? Horrek ere larritzen nau. Su etena ongi dago zibil gehiago ez galtzeko, baina oso gogorra da zauri asko irekitzen direlako. Etxera itzuli dira baina bertan ez dago etxerik, ez dago urik, ez dago ospitalerik, ez dago haimarik ere. Ez dago bizirauteko ezer. Esaldi batekin gelditzen naiz ni: Okupatzaile israeldarrak genozidio fisiko bat egin du, baina ez intelektuala.
Zer espero duzue?
Nik ez dut politikaz ulertzen. Herria Palestinarekin dago, baina gobernariek diskurtsoekin jarraitzen dute: "Sentitzen dugu...". Nahikoa da. Nekatuta gaude. 1948tik diskurtso horrekin daude. Orain esku hartu behar dute. Ez dakit noiz egingo duten. Orain arte 70.000 hildako dira; su etenaren aurretik 55.000 bat ziren eta hondakinen artean 70.000ko zifrara iritsi da; nik uste 100.000 iritsiko dela ere. Zer gehiago behar da? Zer gehiago ikusi behar dute esku hartzeko? Pedro Sanchezek esan zuen: "Ni Palestinako estatuarekin nago". Baina urratsa eman behar da; eragin behar da, diskurtsoak ez dira nahiko.
Salam Gaza Nafarroa elkartea aurkeztu duzu. Zer da?
Salam Gaza Nafarroa elkarte bat da. Sei emakumek osatzen dugu, eta ni presidentea naiz. Gazan gertatzen ari zen guztia ikusita, nik lehenengo pertsona bertako jendearekin hitz egiten nuenaren aurrean eta bertan dagoen beharrarekin, hasieran modu indibidualean laguntzen hasi nintzen. Baina iritsi zen momentu bat non ezin nuen gehiago lagundu. Orduan, bost emakume gehiagoarekin batera elkarte bat egitea pentsatu genuen. Dena legalki egin dugu, eta uztailetik aurrera Gazan proiektuak egiten ari gara. Bi milioi pertsona dira, eta guztiendako ezin dugu bidali, baina erdialdean, iparraldeko eta hegoaldeko jendea batu zen zonalde batean, aterpe bat dago eta bertan ari gara. Itxaropenaren Aterpea deitzen da, Yamal aterpea arabiarrez, eta bertan 500 familia daude; 2800 pertsona inguru. Edateko ura banatu dugu eta labe bat egin dugu. Guretako erronka bat zen labea egitea, buztinezkoa, elektrizitaterik eta gasik ez dutelako. Jainkoari esker lortu dugu. Gazako emakume boluntarioen laguntzarekin ari gara ogia egiten eta banatzen. Aterpe honetan 200 haur baino gehiago daude, eta asko umezurtz dira.

Haurrendako Irribarre proiektua sortu dugu, alaitasun pixka bat emateko. Musika pixka bat jartzen dugu, pailazoak joaten dira, jokoak, sagar eta gozoki bat ematen diegu... Beldurraren artean alaitasunaren hazia landatu nahi dugu. Eguberrietan ere munduko haurrek Santa Klaus edo Olentzeroren opariak jasotzen dituzten bezala, haiei ere oparitxoa eman genien. Gazako haurrek esaten dute: "Zergatik gara desberdinak gu? Zergatik gu jaikitzen gara eta gurasoak hilda ikusten ditugu opariak ikusi beharrean?". Orduan, oparitxoak eman genizkien; ez ziren opariak: patata poltsa bat, sagar bat... Dagoena. Urte berriko oparia izan zen, eta eskertuta gaztelaniaz mezua bidali ziguten urte berria zoriontzen. Herri oso eskertua da. Beste proiektu bat da Egiptora joan ziren gazatiarrekin, asko ezer gabe gelditu dira muga zeharkatzeko aurreztuta zuten guztia eman zutelako, eta gaixotasun kronikoak dituzte. Botikak bidaltzea lortu dugu.
Eta etorkizunean?
Proyecto 1 deitzen dena martxan jarri behar dugu. Su etenarekin laguntza humanitarioa sartuko omen denez, hori ez dute beharko, eta orduan gure estrategia da haurrak ikastetxera itzultzea. Bi urte eskolara joan gabe daramatzate, eskola guztiak bonbardatu dituzte, eta orduan pentsatu dugu bi edo hiru haima jarri, mahaiak, arbelak eta abar erosi, eta bertako jendearekin, %90k unibertsitate ikasketak dituztenez, klaseak eman ditzatela. Horrela haurrak nolabait psikologikoki laguntzen ditugu, baita amak ere bai. Askatasun pixka bat izango dute. Hori da gure proiektua.
"Salam Gaza Nafarroa bertan lanean ari gara; zuzenean iristen da dena"
Salam Gaza geratzeko sortu da, eta lau edo bost urterako proiektuak ditugu. Kirol zentro bat, esaterako. Haur hauek ikusi duten biolentzia guztiarekin, biolentzian ez bihurtzeko, atera behar dute. Nola? Kirolaren bidez. Ez bakarrik kirola egiteko zentroak, elikaduran ere fokua jarriko dugu. Hezi behar zaie gauzak ezkorrak nolabait baikor bihurtzeko. Hori da gure helburu lau urtetara. Emakumeak ere biktima nagusiak izan dira. Ia 18.000 emakume alargun gelditu dira, eta bere gain haurrak dituzte. Elkartearen helburu bat tailerrak sortzea da. Dirua eman beharrean, tailerrak sortzea eta horrela lan bat egiten dute eta aurrera egiten ari direla sentitzen dute ere. Salam Gazaren indargune garrantzitsuena da Gazako jendea dagoela barruan; ni farmazialaria naiz, eta horrek esan nahi du nire bertako lagun guztiak ikasketa lagunak direla: farmazialariak, medikuak... Eta GKEtan, ospitaletan eta abar daude. Diru guztia zuzenean iristen da, ezin dugu inor engainatu. Nik beraiekin hitz egiten dut: zenbat kostatzen dute hiru haimak? Eta orduan senideei eta lagunei galdetzen diet eta beraiek esaten didate prezioa ongi dagoen edo ez. Hori indargune oso handi bat da.

Nola lagun daiteke?
Elkartearen laguntzaile egiteko aukera dago, eta urtean, seihilekoan edo hiruhilekoan norberak ahal edo nahi duen diru kantitatea eman. Bestetik, kontu korronte bat ere badugu eta bertan ere nahi duenak dirua sar dezake (ES98 3035 0203 182030020686). Gutxi bada ere guretako asko da. Bestetik, contacto@salamgaza.org epostan jar daitezke gurekin harremanetan.
Nola jaso duzu hemengo elkartasuna?
Aparta. Egia esan, asko eskertzen diot nafar herriari. Oso harro nago bertakoa ere izateaz. Nazionalitate bikoitza daukat, eta oso-oso harro nago Gazakoa eta Nafarroakoa izateaz. Hainbeste elkartasun ikusi dut; hainbeste jende ona. Hamabost hilabete hauetan herriak erakutsi du Gazaren ondoan dagoela, eta izugarri eskertzen dut. Zorionak esaten diet; alde onean egon zarete, gizadiaren aldean egon zarete.