Landa merkataritza dinamizatzeko zerbitzua

Guaixe 2025eko otsailaren 13a

Maria_Eugenia Rosa Cantero Maru fruta dendan.

Cederna Garalurrek kudeatzen du. Herrietako merkatariei doako aholkularitza ematen die, beraien lehiakortasuna hobetu dezaten. Zerbitzuko teknikariek merkatariekin eskuz esku lan egiten dute herriei bizia ematen dieten negozioak bizirik mantentzeko

Nafarroako Landa Merkataritza Dinamizatzeko Sareak bere zerbitzua Sakanan Cederna Garalur elkartearen bidez eskaintzen du. Mendialderako bi teknikari daude eta Sakanako dendariekin eskuz esku lanean Andoni Martin Torrecillas merkataritza teknikaria ari da. Landa Merkataritza Dinamizatzeko Zerbitzuak lau egiteko ditu. Alde batetik, saltokiei laguntzea eratzeko unean eta hasierako jarduera urteetan. Bestetik, establezimenduei orientazioa eta aholkularitza pertsonalizatua ematen die digitalizazioari, jasangarritasunari eta beste gai batzuei buruz, edo Administrazioarekin izapideak egiteko. Zerbitzuaren egitekoa da ere asoziazionismoa sustatzea. Eta, azkenik, saltoki, elkarte, udal eta beste eragile interesgarri batzuen arteko komunikazioa erraztea du egitekoa zerbitzuak. Nafarroako Gobernuaren %79ko finantziazioa du.

Adibidea 
Altsasuko Maria Eugenia Rosa Canterok Maru izeneko fruta denda zabaldu zuen 2021eko azaroaren 9an. Bere establezimenduan, fruta eta barazkiez aparte, Extremadurako produktuak saltzen ditu. Maruk Nafarroako Landa Merkataritza Dinamizatzeko Zerbitzuaren aholkularitza espezializatua eta indibidualizatua izan zuen. Maruk Martinekin batera lan egin zuen, eta bere fruta dendako funtsezko alderdiak aztertu zituen, esate baterako altzarien antolamendua, ordena, garbitasuna, seinaleztapena edo kontsumo ohiturak. "Banekien zerbait aldatu behar zela dendan, baina ez nekien nondik hasi. Andonik nire ideiak antolatzen eta nire bezeroei zerbitzu hobea eskaintzeko nola hobetu nezakeen ikusten lagundu zidan", esan du Maruk.

Bere establezimendua eraldatzea erabaki zuen abenduan, salmentarako espazio fisikoa optimizatuz eta bere irudia modernizatuz bezeroen behar berrietara egokitzeko. Kolore korporatiboak denda osoan homogeneizatzea lortu zuen, bezeroei espazio atsegin eta argitsu bat eskainiz, non eskaintzen dituen produktuak ordenatuta dauden eta seinaletika berriarekin primeran identifikatzen diren. Erosketak egiteko tresnak eskuragarriago egiten ditu, hala, bezeroei eskura duten informazioarekin. Ahalegin hori ez da gai estetikoa bakarrik; negozioaren bizi iraupenaren aldeko apustua da, eta, "horrekin batera, ibarreko bizimoduaren aldeko apustua da", zehaztu du Martinek.

Martinendako Marurena "hurbileko merkataritzaren berrikuntzaren adibidea da. Tokiko merkataritzak ez ditu produktuak bakarrik eskaintzen; benetakotasuna, ingurunearen ezagutza eta komunitatearekiko konpromisoa lortzen du, plataforma handiek berdindu ezin dutena". Maruk esan duenez, "herri gisa garenaren esentzia" eskaintzen dute herrietako dendek. Teknikariak azaldu duenez, "hurbileko eta tokiko merkataritzak une kritikoa bizi du. Kontsumo modu berrien agerpenak, plataforma digital handien kasuan, gogor kolpatzen ditu negozio txikiak, batez ere landa eremuetan". Hala ere, "Maruren bezalako adibideek erakusten dute erresistentzia eta berritzea posible direla, nahiz eta eguneroko ahalegin etengabea eskatzen duten".

Erronkak eta komunitatearen garrantzia
Martinek azaldu duenez, "Maru bezalako merkatarien egunerokotasuna erronkaz beteta dago. Tokiko negozio bat mantentzeak berekin dakar kate handien lehiari aurre egitea, gero eta aukera gehiago dituen bezeroak fidelizatzeko borrokatzea eta bezero gero eta modernoagoen itxaropenetara egokitzea. Gainera, saltokien mantentze eta eguneratze kostuek, landa eremuetako kontsumoa gutxitzearekin batera, erresistentzia ariketa bihurtzen dute lanaldi bakoitza". Maruk azaldu duenez, "jendeak ez du beti ikusten zer dagoen horrelako negozio baten atzean. Ez dugu pertsiana bakarrik irekitzen; egunero lan egiten dugu kalitatea, gertuko tratua eta beste leku batzuetan aurkitzen ez den zerbitzua eskaintzeko".

Teknikariaren iritziz, "Maruren eta bere fruta dendaren kasuak agerian uzten du tokiko merkataritzaren biziraupena ez dagoela merkatarien esku bakarrik. Herritarren esku ere badago, eguneroko kontsumo erabakien eta ingurunearekiko konpromisoaren esku". Maruk gaineratu duenz, "gure herrien etorkizuna jokoan dago. Hemen erosteak zerbitzuak, negozioak eta, azken finean, gure ibarretako bizimodua bizirik mantentzea esan nahi du". Martinen arabera, "Maruk apaletan jartzen duen fruta bakoitzak gogorarazten du saltoki bakoitzaren atzean pertsona bat dagoela bere jendearen alde eta jendearendako lanean. Eta lan hori guztiek aitortu, babestu eta baloratzea merezi du".