Saskibaloia

CBASK, denetatik

Guaixe 2025eko otsailaren 6a

CBASK Narum Fisioterapiak jardunaldi bikoitza izan du.

Mutilen bigarren autonomikoan CBASK Narum Fisioterapiak bi jardunaldi jokatu zituen, bata irabazi eta bestea galdu, eta nesken lehen senior mailakoi CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak 1-8 postuen bigarren faseari ekingo dio

Mutilen bigarren maila autonomikoan CBASK Narum Fisioterapiak jardunaldi bikoitza izan du, eta txanponaren bi aldeak ikusi ditu. Hamabosgarren jardunaldiko partidan, otsailaren 1ean Irulegi kiroldegian jokatutako partidan Egües Aranguren Mutilbasket taldeari 60-65 irabazi zion talde altsasuarrak, garaipen garrantzitsua lortuaz. Hasieran parez pare aritu ziren bi taldeak, bitan berdindu zuten, baina 20 tantoren berdinketaren ondoren, bolada ona izan zuen talde altsasuarrak eta errenta atera zion Mutilbasketi. Bukaera aldera gerturatzen hasi zen Mutilbasket, baina CBASK-ek ongi eutsi zuen eta 5 puntuko aldearekin gailendu zen, 60-65. Unai Floresek 27 puntu egin zituen. 

Bigarren partida otsailaren 5ean jokatu zuen CBASK Narum Fisioterapiak, partida aurreratua. Izan ere, Santa Ageda ospakizunak direnez, partida asteazkenera aurreratu zuen Altsasuk, Santa Ageda egunera. Lidergoagatik borrokatzen ari den Castillo de Gorraiz taldea hartu zuten altsasuarrek. Hasieran paretsu hasi ziren bi taldeak, baina berehala Castillo de Gorraizek aldea hartu zuen eta, azkenean, 55-78 irabazi zuen, eta altsasuarren garaipen bolada eten zuen. 

Sailkapen orokorrean Castillo de Gorraiz Valle de Egües jarri da lider (27 puntu), hamaseigarren jardunaldiko gainontzeko partidak erabakitzen diren bitartean, Nasabi San Ignacio puntu batera duela (26 puntu). CBASK bosgarren postuan dago (24 puntu). 

Neskak, 1-8 postuen sailkapen faseari ekitera 
Nesken lehen senior mailako CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak bigarren faseari ekingo dio. Lehen fasean Larraona Claret izan zen lehena (26 puntu) eta talde altsasuarra laugarrena (22 puntu). Laugarren postu horri esker, bigarren fasean lehen senior mailako 1 eta 8 postuen arteko multzoan lehiatuko da CBASK Xabi Gorriz Tattoos. Otsailaren 7an, ostirala, 20:00etan, talde altsasuarrak Navasket SF´Old taldea hartuko du Zelandin.