Elkartasun azokarako bilketari ekingo diote

Guaixe 2025ko ots. 13a, 09:33

Altsasuko elkartasun azokaren aurreneko edizioetako bat. ARTXIBOA

Apirilaren 6an elkartasun azoka eginen dute, Altsasun. Martxoaren 28ra arte berrerabil daitekeen edozein objektu jasoko dute Sakana Harrera Haranako kideek eta Altsasu BHI institutuan. Elkartasun azokan ateratako dirua Elkarri Laguntza erakundearendako izanen da.

Erkuden kaleko 8. zenbakiko udalaren lokala, garai bateko Sociedad Deportiva taberna zena, otsailaren 7tik ostiralero zabalik izanen da 11:00etatik 13:00etara. Tarte horretan Sakana Harrera Haranako kideak bertan izanen dira. Izan ere, apirilaren 6rako elkartasun azoka antolatu dute. Han salgai jarriko dituztenak jasotzeko zabalduko dute lokala ostiralero. Sakana Harrera Haranako kideek azaldu dutenez, "jendeak etxean dituen, erabiltzen ez eta egoera onean dauden arropak, jostailuak, bitxiak, oinetakoak, maindireak, ontziak eta abar ekar ditzakezue". Martxoaren 28ra arte ariko dira ostiralero materiala jasotzen. Bilketa horretan ere Altsasu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuak lagunduko du. Azoka eguna gerturatzean hasiko dute bilketa ikastetxean. 

Jasotako guztia sailkatu eta Altsasuko Iortia zabalgunean eginen den elkartasun azokan salgai jarriko dute apirilaren 6an. Elkartasun azokarekin, Sakana Harrera Haranak, batetik, jasotako objektuei bigarren bizitza bat eman nahi die. Aldi berean, ekonomia egoera zailean daudenei erraztasuna eskaini modu onean erosteko egoera onean dauden gauzak. Lortutako dirua inklusioaren eta gizarte berdintasunaren alde lan egiten duen Elkarri Laguntza gobernuz kanpoko erakundearendako izanen da. 

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak ere laguntzen du ekimena. Bakarren batek ostiraletan materiala eraman ezin badu, harekin harremanetan jarri eta nola eman zehaztu dezake. Horretarako, 648 070 710 telefonora hots egin edo anitzartean@sakana-mank.eus eposta helbidera idatzi behar da.