Enpresa batzordeek Nafarroako industriaren alde mobilizatzera deitu dute

Guaixe 2025eko otsailaren 6a

Zazpi enpresa batzordetako kideek egindako agerraldia. UTZITAKOA

Zazpi enpresa batzordek, tartean Sunsundegui, Nafarroako industriaren etorkizuna defendatzeko dei egin dute. Agerraldi bateratuan nafarrei antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitu dute. 

Nano Automotive, Siemens-Gamesa, Sunsundegui, BSH, Tasubinsa, Tenerias Omega eta Volkswagen Navarra enpresetako enpresa batzordeek mobilizazio bateratuak egingo dituzte Nafarroako industriaren etorkizunaren alde.

Azaldu dutenez, "guztiok ziurgabetasun eta gure sektoreen desegitea egoerak batzen gaitu". Horregatik, "batzea beharrezko jo dugu, komunean dugun arazoari erantzun bateratua emateko: enpresek gure lanpostuen kontra egiten duten erasoa". Gaineratu dutenez, "uste dugu erantzuna ez dela gure enpresetara mugatu behar, eraso horiek Nafarroako gizarte guztiari eragiten baitiote". Hori dela eta, "Nafarroako industriako langile klase guztiari, sindikatuei, gizarte eragileei eta Nafarroako gizarte guztiari dei egiten diegu otsailaren 16an, 12:00etan, eginen den manifestazioan parte hartzeko". Manifestazioak Nafarroako industriaren alde leloa du eta Iruñeko Golem zinemetatik abiatuko da. 

Hori mobilizazio sail baten hasiera izanen da. Haien bidez zazpi enpresa batzordeek "gure industriak bizi duen egoera zailari ikusgarritasuna eman eta kontzientzia hartzea" sustatu nahi dute. Izan ere, "milaka lanpostu desager daitezke eta, horrek dakar milaka familien drama pertsonala, gaur egun gurutze bidea bizitzen ari baitira". 

Zazpi enpresa batzordeetako kideek gogorarazi dutenez, "itxi duten, ixtear dauden edo deslokalizatu  dituzten enpresen zerrenda luzea eta kezkagarria da. Enpresa horietako bakoitzaren itxiera eta deslokalizazioa kate baten katebegi bidegabe eta justifika ezina da, Nafarroaren gizartearen gehiengoa pobretzen duena". Azaldu dutenez, "Nafarroako industriako enpresa gehienetan ziurgabetasuna nagusi da. Horregatik, Nafarroako gizarte osoak arriskuan dauden enpresetako familiei gure kezka, babesa eta elkartasuna adierazteko garaia da. Horrela segituz gero, denoi tokatuko baitzaigu".