Hitzaldia Altsasuko Udaleko Gazteria zerbitzuak antolatuta, baina 12 urtetik aurrerako edozein adin tarteri bideratuta.
1. Zer da sexualitatea?
Sexualitatea modu zabal batean ulertu beharko genuke; norberak sexudun bezala duen kualitateaz ari gara, eta hau bizitzeko moduaz. Sexualitatea, gure bizitzan aldatzen doan arren, egunerokoan eta gure bizitzan zehar, gure harreman eta bizipen guztietan zeharkatzen gaituen zerbait da.
2. Otsailak 14, San Valentin eguna. Zer esan nahi du horrek?
Polita izan liteke maitasun eta zaintza mota ezberdinak aldarrikatzeko espazioak eta egunak hartzea, baina gaur egun, tamalez, San Valentin deituriko eguna maitasun erromantikoaren ideia eta kontsumismoa bultzatzeko aitzakia bat besterik ez da.
3. 'Sexualitatea eta harreman osasuntsuak' hitzaldia eman zenuen. Zeintzuk dira ildo nagusiak?
Gaur egun bikoteari eta maitasunari buruz jasotzen ditugun mezu eta ideiak aztertzen saiatuko gara. Egunerokoan mezu asko jasotzen dugu gure harremanak, bikote harremanak batez ere, izan beharko luketeenari buruz. Horrek eragin handia du gure bikoteekin ditugun espektatiba eta kudeaketetan; gure bizipenetan. Maitasun erromantiko horrek guregan eta gure harremanetan dituen ondorioei buruz hausnartu eta garapen osasuntsuak izateko gakoak ematen saiatuko gara.
4. Zergatik otsailaren 14an?
Egunero hausnartu beharko genuke gauza hauen inguruan, ideia hauek zeharkatzen gaituztelako. Baina gaurko eguna aitzakia polita da ere gaiari espazio bat eskaintzeko.
5. Nola apurtu bikotea lehenesten duen ereduarekin?
Zaila da egunero jasotzen ditugulako bikote harremanak, zehatz bat gainera, goraipatzen dituzten mezuak; iragarkietan, abestietan, filmeetan… Horrek eragin handia du gure sinismen sisteman. Hausnarketa eta aldaketa txikietatik abiatuta, ereduak aldatzen joatera jo behar dugu, poliki-poliki osasuntsuagoak izango diren eta zaintzan oinarrituko diren harreman ereduak positiboagoak sustatzeko. Aurrerapausoak ematen ari dira, baina kontrako norabidean ere... Oraindik asko falta da. Eredu positiboak behar ditugu; hausnarketarako espazioak eta sexu hezkuntza integral batean gehiago inbertitu. Gazteek, eta ez gazteek bakarrik, asko eskertzen dute.
6. Zer dago maitasun erromantikoaren atzean?
Gauzak bere horretan jarraitzeko interesa. Patriarkatuak eta egungo sistemak berdin jarraitzeko eredu hauek mantentzeko beharra du. Rolak mantendu eta gu, emakumeak batez ere, bikote harreman horren menpe behar gaitu.
7. Nola aurre egin?
Hezkuntza eta hezkuntza. Adin tarte guztietan, eta lehenbailehen. Dagoenari buelta eman eta forma eta modu berriak sortzeko aukera izan behar dugu. Gauzak beste modu batean izan litezkeela erakutsi behar dugu. Maitatzea, zaintzea eta konpartitzea oso polita izan daitekeelako. Izan beharko lukeelako.
8. Orokorrean, nola harremantzen gara?
Askotan atxikimendu estilo ez oso osasuntsuekin. Antsietatetik, beldurretik, beharretik, idealizaziotik… Betiko hor egon behar dugula, edozeren gainetik egon behar dugula, bestearen maitasuna jasotzea beste guztiaren gainetik badago… Horrek, batez ere, sufrimendua eragingo du. Oso garrantzitsua da jasotzen ditugun mezuak aztertu eta hauek guregan duten eraginaz kontziente izatea.
9. Eta nola sustatu daitezke harreman osasuntsuak?
Begirada aldatu eta gure buruak behar bezala baloratu eta zaindu. Ikusita ze onura duen gauzak beste modu batean egiteak, ze politak diren harremanak beste ikuspegi batetik begiratuta, beste gauza batzuk lehenetsita. Baina hori ez da egun batetik bestera egiten.
10. Sare sozialek laguntzen dute?
Sareetan denetik dago, eta jendeak gauza oso interesgarriak egiten ditu gai honekin ere, baina tamalez gehienek eredu oso toxikoa zabaltzen dute. Gazteei buruz ari garenean pornoa dugu ahotan beti, eta honi arreta jarri beharko genioke, jakina, baina kasu egiten diogu gure nerabeek sareetan jarraitzen dituzten pertsonek bidaltzen dizkieten mezuei?
11. Nola ospatu San Valentin "alternatibo" bat?
Ditugun harremanei begiratuta agian? Gure burua zaintzeko norberak bere buruari oparitxo bat eginda? Inguruan ditugunekin sakon hitz eginda? Gure bikote edo lagun harremanak aztertuta? Opariak egitea lehenengo planotik kenduta? Mila gauza egin litezke baina egunero ospatu liteke harreman osasuntsuen eguna.