Pentsio txikienak gutxieneko soldatarekin berdindu nahi dute

Guaixe 2025eko otsailaren 17a

Pentsio duinen aldeko bilkurak astelehen eguerdiro egiten dira, Zumalakarregi plaza eta udaletxe aurreko aldea txandakatuz.

Sakanako pentsiodunen mugimenduak bere aldarri nagusia eguneratu egin du.

Sakanako pentsiodunen mugimenduaren eskaera hauxe izan da azken zazpi urtetan: gutxieneko pentsioa 1.080 euroko hamalau ordainsari izatea. Mugimenduko kideen iritziz, "mobilizazioen ondorioz,  Nafarroako Parlamentuak gutxieneko pentsioa 1.035 euroraino osatzea erabaki du, hamalau hileko ordainketetan. Pauso positiboa da, baina ez da nahikoa. Ez du bermatzen pentsiodun askok bizi baldintza duinak izatea". Horregatik, pentsiodunen mugimenduak hurrengo eskaera plazaratzen hasi da: gutxieneko pentsioa Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren diru kopuru bera izatea (1.184 euroko 14 ordainsari). "Europako Gutun Sozialean jasotako diru sarreren nahikotasun irizpidea beteko litzateke horrela. Izan ere, Nafarroako gutxieneko pentsioen zenbatekoa oso urrun dago pentsiodunen zati handi batek behar duen nahikotasun ekonomikotik". Gaineratu dutenez, "ez dugu ahaztu behar pentsio txikienak emakumezkoek jasotzen dituztela. Are gehiago, pentsiodunek gehien erabiltzen dituzten ondasun eta zerbitzuen prezioen igoera bereziki handia izan da (elektrizitatea, gasa, mendekotasunetik babesteko zerbitzuak)". Eskaera Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari egin diete, "lehenbailehen ezar dezatela gutxieneko pentsioaren osagarri hori".

Pentsiodunen mugimenduak eskatu du "osagarri hori pentsiodun bakoitzari zuzenean ezartzea, ez bizikidetza unitateari. Izan ere, azken horrek emakumezko pentsiodunen kolektibo oso garrantzitsu bat diskriminatzen baitu. Eskubideak indibiduala izan behar du, bizikidetza unitatearen barruan mendekotasuna saihesteko". Bestalde, eskatu dute "gutxieneko pentsioaren osagarri hori kotizazio gabeko pentsioak kobratzen dituzten pertsonendako ere" izan behar dutela. Osagarria pentsiodunei "ofizioz aplikatzea" exijitu dute, "kasu askotan ez baitzaizkie iristen behar dutenei". 

Berria 
Aldarrikapen berriagatik Sakanako pentsiodunen mugimenduak pankarta berritu du. Astelehenean mustutako pankartan Gutxieneko pentsioa = gutxieneko soldata. Arreta eta zaintza zerbitzu publikoak eta kalitatezkoak leloak irakur daitezke. Eskaera nagusia duten petoak ere badituzte. Oraingoan gorri kolorekoak. Mugimenduak egin duen hirugarren pankarta da. Aurrena Gutxieneko pentsioa 1.080 euro. KPIaren benetako errebisioa leloa zuen eta 2020ko maiatzaren 25ean mustu zuten. Hurrena Borrokak jarraitzen du. 1.080 euro orain. Berdintasuna leloak zituen eta 2021eko irailaren 6an mustu zuten.

Hainbat joan-etorriren ondoren, Espainiako Parlamentuak pentsioen kopuruak igotzea onartu du. Gertatutakoaren aurrean, pentsiodunen mugimendutik esan dutenez, "ez dugu onartzen edozein unetan pentsioen balioa handitzea eta Pentsioen Sistema Publikoa alderdien arteko eztabaida politikoen arabera zalantzan jartzea". Kalean jarraitzeko deia egin dute, "Pentsioen Sistema Publikoa pribatizazio saiakeretatik defendatzeko".