Santa Agedan gertatutakoa gaitzetsi dute kintoek

Guaixe 2025eko otsailaren 17a

Altsasuko kintoak.

Kinto ospakizun eguneta gertatutako eta eragindako kalteengatik barkamena eskatu dute.

Santa Ageda ospakizunean kalteen inguruan, kinto gehienen izenean, kintadak oharra zabaldu du. Idatzi horretan gazteek ospakizun egunetan "gertatutakoagatik gaitzespena eta lotsa sentitzen" duten kintoek idatzi dute. Gazteek nabarmendu dutenez, "argi dago herriak ordaindu eta emandako festa izanik, izan den jarrera guztiz gaitzesgarria dela. Barkamena eskatzen dugu egun hauetan gertatutako guztiagatik eta eragindako kalte guztiengatik".

Oharrean kintoek diotenez, "gertakariak justifikatzeko inolako asmorik gabe, gaitzetsi nahi dugu lau burugabeengatik 57 kintoek jasandako kriminalizazioa. Era guztietako irainak jaso ditugu, soldaduskara joan edota gizarte lanak egitera bidali beharko zigutela adieraziz. Gure gurasoek emandako heziketa ere zalantzan jarri zaigu eta dozenaka iruzkin iraingarri gehiago irakurri behar izan ditugu". Azpimarratu dutenez, "kintaren gehiengoa saiatu da festa ahalik eta ondoen pasatzen, inolako kalterik eragin gabe". Gaineratu dutenez, "gertakari askoren atzean ez zeuden kintoak, kanpoko jendea baizik, beren zigorgabetasuna aprobetxatuz mota guztietako kale altzari suntsitu zituztenak. Are gehiago, askotan edukiontziak sutan aurkitu ditugu eta itzaltzen saiatu gara edo gu izan gara 112ra deitu dutenak".

Kintoek diotenez, "udalak ere ez du lagundu. Suziririk gabe utzi gintuzten aste guztian". Gogoratu dute etxajuak beharrezkoak direla diru kontaketaren martxaren berri emateko. "Horrek hainbat kinto haserretu egin zituen". Eguraldiagatik kintoek estalpean dantzatu zuten ostiralean. Handik bueltan udalak utzitako materiala Gure Etxea eraikinean utzi nahi izan zuten, baina "45 minutu baino gehiago eduki gintuzten atea irekitzeko zain. Behin baino gehiagotan deitu behar izan genituen alkatea, udaltzainak… erantzunik ez. Nahiz eta euri gogoz ari, ez genuen materiala kalean utzi, zain egon ginen ireki ziguten arte, emandako materiala errespetatu eta zaindu nahi genuelako".

Kintoek oharra bukatu dute "herri osoari eskerrak" emanez, "emandako diruagatik. Espero dugu gurekin batera festa polit honetaz gozatu izana. Espero dugu gertakari latz horiek hurrengo urteetan eraginik ez izatea eta herriak ilusio berarekin Santa Ageda ospatzea".

Udala
Alkateak azaldu duenez, "kintoei urtero gogorarazten zaie udalak emandako piroteknia materiala besterik ezin dutela erabili. Udalak ez zien kintoei suziririk eman beraiek piroteknia materiala zutelako: lehendabiziko egunean, lehen ordutik, petardoak eta suziriak bota ziren, udalak ezer eman aurretik. Horren ondorioz ez zitzaien suziririk eman". Gaineratu duenez, "dirua kontatzeko ez dira suziriak behar". 

Gure Etxea eraikinaren inguruan, alkateak azaldu du beheko solairuan erakusketa zegoela eta antolatzaileak arduratzen zirela irekitzeaz, udala ixteaz. “Badirudi ostiralean antolatzaileek atea itxi zutela. Deia 22:27an jaso nuen, eta zinegotzi batek ireki zien atea”. Azkenik, alkateak jakinarazi du, bankuak 14:00arte dirua jaso ziela eta ordu horretatik aurrera udalak jaso eta udaletxean gorde zuela dirua. Zehaztu duenez, zinegotzi batzuk eta alkatea aritu ziren horretan.