Industriaren defentsan manifestazioa egin dute

Guaixe 2025ko ots. 17a, 12:00

Sunsundeguiko langileak Iruñeko manifestazioan. EUSKALERRIA IRRATIA

Milaka herritarrek bat egin zuten Nafarroako zazpi enpresa nagusienetako langileek egindako deialdiarekin. Gogoratu zuten 2.000 lanpostu inguru kolokan daudela. 

BSH, Sunsundegui, Nano Automotive, Siemens Gamesa, Tenerias Omega, Tasubinsa eta Volkswagen enpresetako langile batzordeek deituta, Nafarroako industriaren aldeko manifestazioa egin zuten milaka pertsonek otsailaren 16an, Iruñean. Deitzaileek azaldu zutenez, industria sektorea "Nafarroako garapen eta ongizaterako gakoa da. Bere zenbakiak baino askoz ere gehiago da, beste jarduera sektoreetan ekonomia jarduera sustatzen duelako. Gogoratu zuten enpresek jasotzen dituzten dirulaguntzak "langileen ekarpenetatik dator. Beraz, logikoa da, gizartera bueltatzea, industria proiektuak mantenduz bizi proiektuak garatzeko".  Horregatik, Nafarroako Gobernuari "bermek dituen lege on bat" garatzeko eskatu zioten, haren bidez "bizi proiektu horiek sendotu ahal izateko".

Industria Nafarroan Barne Produktu Gordinaren %31 dela eta industria sektorean 88.000 pertsonek lan egiten dutela gaztigatu zuten. Aldi berean, nabarmendu zuten Nafarroan 136 multinazional daudela, "hau da, beraien erabaki gunea Nafarroatik kanpo dago". Haietako batzuk deslokalizatu eta "ekoizpena kostu gutxiago" duten herrialdeetara eraman dutela gogorarazi zuten, "ondorioz, irabazi izugarriak izanik". Horregatik, deslokalizazioaren kontrako araudia hobetzea eskatu zuten. 

Manifestazio deialdia egin zuten enpresen egoera larria nabarmendu zuten. Zazpi kasuetan "zuzeneko eta zeharkako enpleguari eragiten" diola egoerak azpimarratu zuten. Gaineratu zutenez, "langileak dira enpresek duten baliorik handiena". Enpresei eta gobernuari konpromisoa eskatu zieten, enpresek ez ditzaten ateak euren kasa itxi eta langileak kalean utzi.