Denboraldia eta kategoria mustu berri, Iker Gomez Lopez de Goikoetxeak (Finisher) jada bere lehen garaipena lortu du. Ciudad Realen jokatutako afizionatuen mailako Manuel Sanroma Memorialeko lehen etapak, otsailaren 15ean jokatutakoak, bi sektore zituen. Lehen sektorea Virgen de los Santos Ermitako etapa izan zen, 80 kilometrokoa. Hasieratik eraso ugari izan ziren lasterketan, baina helmugarako 30 kilometroren faltan hamaika txirrindularik aurrera egin zuten eta euren artean erabaki zen etapa. Tartean sartu zen aurten afizionatuen mailan debutatu duen Iker Gomezek. Etapako azken 500 metrotan indartsuena izan zen altsasuarra, eta afizionatuetan bere lehen etapa garaipena lortu zuen (1:47:38), aldi berean Finisher bere taldearen denboraldiko lehen garaipena izan dena.
“Igoeran erasoa jotzeko puntu erabakigarriena zein zen bagenekien, hala egin dugu eta ongi atera da. Taldea oso ongi aritu da, beti aurrean, adi, eta mozketa guztietan presente. Taldearen lan onari esker horietako batean sartu ahal izan naiz, eta garaipena lortu” azaldu zuen Iker Gomezek, eta memorialen lider jarri zen.
Sailkapen orokorrean zazpigarren
Lehen etapako bigarren sektorea 7 km-ko erlojupekoa izan zen. Hor lidergoa galdu zuen altsasuarrak, 35. sailkatu baitzen, Sergio Geerlings (Rural Kutxa-Alea) irabazletik 45 segundora. Talde gehienek “cabra” delako erlojupeko bizikletak erabili izan zituzten, Finisher taldekoek izan ezik.
Otsailaren 16an, bigarren etapa jokatu zen, Almagron hasi eta despeditu zen 163 kilometroko proba. Jordi Artigues (Equipo Cortizo) izan zen azkarrena, eta Iker Gomez 28. sailkatu zen, 47 segundora. Beraz, sailkapen orokorra kontuan hartuta Daniil Kazakov (PC Baix Ebre) izan da txapelduna (5:43:40) eta Iker Gomez zazpigarren sailkatu da, 59 segundora. Denboraldia hasteko, bikain.