Sakana Igeriketa Taldeko Asier Fernandez Huarte igerilariak domina ederra ekarri zuen otsailaren 8an Iruñeko Amaya Kirol Hiritik: altsasuarra junior mailako Euskal Herriko txapelduna dugu 50 m estilo librean. Bere marka pertsonala hobetu ez izanaren arantza du, baina iritsiko zaizkio marka gainditzeko bestelako aukerak.
Noiz hasi zinen igeriketan?
Oso txikia nintzela, ez dut gehiago oroitzen. Altsasuko Zelandiko kiroldegiko kolorezko txano guztiak lortu nituen, eta ikastaroak bukatzerakoan Sakana Igeriketa Taldean sartu nintzen. Entrenatzaileekin ez nuen oso harreman ona, eta ez nintzen oso gustura aritzen. Baina Olatz Azazeta taldea entrenatzera etorri zenetik, berarekin oso gustura hasi nintzen, giro onean, eta igeriketa serioago hartu nuen. Ordutik oso gustura gabiltza.
Nolakoa da Olatz Azazeta entrenatzaile gisa?
Oso entrenatzaile ona da, berezia, esango nuke. Beste taldeko entrenatzaileek igerilari kopuru gehiagorekin lan egiten dute, eta harremana urrunagoa izaten da horrelakoetan. Sakana Igeriketa Taldean harreman estuagoa dugu, lagunak bezalakoak gara. Esaterako, azterketetarako ikasi beharra dugunean, entrenamenduetan tarte gutxiago aritzen edo etxera azkarrago joaten uzten digu Olatzek, eta txapelketak ditugunean, alderantziz, entrenamenduak gogortzen dizkigu. Ulertzen gaitu, eta horrek asko laguntzen du. Nire kasuan, datorren ikasturtean unibertsitatean INEF karrera ikasi nahiko nuke, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua. Horretarako, EBAU azterketak gaindituz gero, ekainean bertan proba fisiko batzuk gainditu beharko nituzke, eta proba horiek prestatzen laguntzen dit Olatzek: igeriketa, korrika eta bestelakoak. Ostegunetan, igeriketa entrenamenduak bukatu eta gero, proba horiek prestatzen geratzen gara.
ematen duten horietakoak. Tarteka dardarka nengoen, ez pentsa!
"Sakana Igeriketa taldean harreman estua dugu, lagunak gara. Olatz Azazeta entrenatzaileak asko laguntzen gaitu"
Astean zenbat entrenamendu dituzue Sakana Igeriketa Taldekoek?
Nire ordutegian, hau da, nagusien taldean, zortzi igerilari gara, hiru mutil eta bost neska, eta astean lau egunetan entrenatzen dugu: astelehenetan, astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan, egunero bi ordu.
Antzeko maila al duzue? Txapelketa berdinetan aritzen zarete?
Ez. Ni maila gorenean aritzen naiz. Lur Sasiain etxarriarra nirekin lehiatzen da Euskal Herriko Txapelketetan eta halakoetan, baina gainontzeko guztiak ez. Nafarroako Kirol Jokoetako (NKJ) Txapelketetan aritzen gara, baita ere. Denboraldia iraila aldean hasi zen, eta gutxi gorabehera hilabetean proba bat egiten da.
Zein igeriketa estilotan aritzen zara erosoen?
Estilo librea edo crawl estiloa dut gustukoena eta hobeki doakidana.
Otsailaren 8an junior mailako Euskal Herriko 50 m estilo libreko Txapelketa irabazi zenuen Iruñeko Amaya Kirol Hirian. Euskal Herriko igerilaririk onenak bilduko zineten bertan.
Bai, maila oso handia zen, Euskal Herri osoko igerilariak geundelako. Sekulako igerilariak zeuden, beldurra ematen duten horietakoak. Tarteka dardarka nengoen, ez pentsa!
Primeran moldatu zinen, txapelduna baitzara. Kontentu egongo zara.
Ez ba! Irabazi, baina haserre nengoen, ez nuelako 50 m estilo libreko nire marka hobetu. Nire marka propioa (24.22 segundo) apurtzea zen nire helburua, eta ez nuen lortu: Euskal Herriko Txapelketan 24.88 segundoko denbora egin nuen.
Nahiz eta zure marka ez gainditu, junior mailan irabaztea espero al zenuen?
Nagusiekin eman nuen izena, eta itxaropenarekin joan nintzen. Nahiz eta irabazi, pixka bat hobeki egitea espero nuen, eta alde horretatik pixka bat triste geratu nintzen, baina, beno, ongi. Nafarroako Kirol Jokoetan ez dut podiumik egin eta Euskal Herrikoan lehena izan nintzen. Egia esan, pixka bat arraroa bada.
"Espainiako Txapelketetan 50 m estilo libreko nire marka apurtzen saiatuko naiz"
Santa Agedan ederki ospatuko zenuen...
Bai. Nire kintoekin sagardotegia genuen eta oso ongi pasatu genuen. Datorren urtean izango naiz kintoa.
Zein da hurrengo helburu nagusia?
Espainiako Txapelketak. Martxoaren 6an jokatuko dira, Sabadellen, eta bakarrik joango naiz. Joan zen urtean gurasoekin joan nintzen, baina aurten uste dut Olatz ere etorriko dela. 50 metro estilo librean lehiatuko naiz. Abuztuan Espainiako Txapelketak jokatuko dira baita ere, eta horietan 100 m librean eta 50 metro bizkarrean lehiatzekoa naiz.
Olinpiar Jokoetan eta Mundialetan igeriketa probak jarraitzen dituzun horietako bat al zara?
Ez. Ez dut igeriketa probak telebistan jarraitzea gustuko. Nik igeri egitea gustuko dut, ez telebistan ikustea. Futbola eta halakoak ere ez ditut telebistan ikusten.
Igerilarien artean idolorik al duzu?
Norbait esateagatik, Michael Phelps aipatuko nuke.
Estatubatuarrek gorenean jarraitzen dute?
Ez, probaren arabera. Parisko Olinpiar jokoetan Leon Marchand frantziarra izan zen nagusi, 100 metro libreetan Pan Zhanle txinatarrak irabazi zuen... Beraz, modalitate bakoitzaren arabera.
Zer ematen dizu igeriketak?
Asko. Estututa zaudenean burua arintzen eta askatzen laguntzen du. Ihesbidea da. Gainera, Sakana Igeriketa Taldean gustura egoten gara, oso harreman ona dugu.