Gaztetxearen 35. urteurrenaren eta bi proiekturen aurkezpena

Guaixe 2025eko otsailaren 26a

Gaztetxeko aretoan egin zuten aurkezpena.

Gazte egoitzak aurten 35 urte beteko ditu eta urteurrenaren aurkezpena egin du. ‘Gazte guztiok bat eginikan, ez gabiltz gerorik gabe’ leloa aukeratu dute ospakizunerako. Horrekin batera, ikasle gela eta Gazte Elkartearen berri ere eman dute.

Altsasuko Gazte Asanbladak gaztetxearen urteurren ospakizunei hasiera egiteko aurkezpena egin zuen otsailaren 14an, gauean musika jaialdiarekin osatu zena. Gaztetxeak 35 urte eginen ditu lastailaren 5ean eta gazte asanbladakoek jakinarazi zutenez, "urtemuga ospatzeko urte guztian zehar hainbat ekimen antolatuko ditugu, eta lastailean ospakizun handi batekin bukatuko dugu". Egitarau horren aurreneko ekimena herri ihoteko matxingaiztoen egitaraua da. 

Horretaz, aparte, gazte asanbladako kideek jakinarazi zutenez, aurrerantzean gaztetxeko goiko solairuan ikasle gela izanen da. "Aste guztian zehar, goiz eta arratsaldez, ikasteko espazioa irekita egongo da, behar duen orok erabil dezan". Horretaz aparte, errefortzu klaseak eta apunte bankua ere antolatuko ditu. Bestetik, beheko solairuak Gazte Elkartea hartuko du, "gazte langileon aisialdirako espazioa izan nahi duena".  

Aurkezpenean "gaztetxearen parte izatera" animatu zituzten altsasuarrak. "Borrokarako grina duen edozein gaztek gaztetxeko ateak irekiak ditu. Gu guztion ekarpenak ezinbestekoa baita buruan ditugun asmo eta nahi guztia egikaritzeko". Horregatik, hilabeteko aurreneko domekatan egiten dituzten asanbladetan parte hartzera gonbidatu zuten. Azaldu zutenez, obra, ekimenak, komunikazioa, ekonomia, Ikasle Gela eta Gazte Elkartea lantaldeak daude. 

Artikulazioa
Aurkezpenean gazte asanbladakoek gaztetxearen iraganari erreparatu eta "egindako bideaz harro" daudela esan zuten. "Geroari erreparatzean, etorkizun ilun honi aurre egingo dion langile mugimendu iraultzailearen aktibo politikoa" dela gaztetxea azaldu zuten. Aurkezpenean azaldu zutenez, gaztetxea "gazte langileendako erreferentziazko gunea izan nahi du, beste gaztetxeekin elkarlanean ariko da eta gazte langileon borroka eta antolakuntza hauspotuko ditu". Gazteak bat egitera deitu zituzten, "oraina borrokatuz beste gero bat posible dela argi" baitute. Ziurtatu zutenez, "gaztetxearen oinarria eta helburua gazte langileon antolakuntza da". 

Urteurrena gogoan, gaztetxean ibilitako aurreko gazte belaunaldien "konpromisoa, antolakuntza eta borrokari" aitortza egin eta esker ona azaldu zioten. Hainbat lorpen pen errepasatu ondoren, aurrera begira "urtemuga honen benetako zentzua Gaztetxearen eta gazte langileon antolakuntzaren etorkizuna" dela ziurtatu zuten. "Gure helburua Altsasuko gazteria guztia batuko duen borrokarako espazio bat artikulatzea da, gaztetxea benetan gazteon etxea izan dadin".