Zaletasun oso "entretenigarria" dela esan du.
1. Noiz hasi zinen kakorratz lanak egiten?
12 edo 13 urterekin hasi nintzen. Duela hamar bat urte diru zorroak egiten hasi nintzen, bideoak jarraituz eta lagunekin komentatzen.
2. Zer da amigurumi?
Gantxillozko panpinak eta abar egitea; forma ematea. Japoniako teknika bat da, eta XVI. mendetik omen dator. Ami ehuna esan nahi du, eta nuigurumi pelutxezko panpina. Eraztun magiko batekin hasten zara, sei punturekin, eta ondoren seiaren multiploekin handitzen eta txikitzen joaten zara. Nahi duzuna egin dezakzu, ilobak dantza eta gimnasia erritmikoa egiten du eta ballet dantzari bat egin nion, hankak eta besoak mugitzen zaikziona. Irudimena eta pazientzia behar da; desegin eta berriz hasi... Pandemia garaian 60 koronabirus txiki egin nituen.
3. Noiz hasi zinen panpinak egiten?
2022ko eguberriak iritsi behar zirenean semeak Olentzeroren argazki bat bidali zidan eta esan zuen: "Kakorratzekin egingo zenuke?". Jakina, egitea eskatzen ari zen. Buelta asko eman nituen, ez nituelako patroirik, eta azkenean Olentzero atera zen. Ondoren, Mari Domingi eta astoa. Semeak eman zidan bultzada. Inauteri garaia iritsi zen, eta momotxorroa egitea bururatu zitzaidan. Pixkanaka, inauterietako pertsonaiak egiten joan naiz. Aurten hiru batu dira.
4. Nola sortzen dituzu?
Aurretik papinen bat egina neukan, beraz, oinarriaren patroia egina neukan. Momotxorroaren kasuan asmatu behar nuen nola egin saskia, ipurukoa, sardearako senarrari esan nion basoan hiru puntako adartxo bat aurkitu behar genuela, joareak kakorratzez egindakoak dira, eta aurpegian zaldi ilea darama. Miel Otxinen kasuan pixka bat altuagoa da, begi irtenak ditu, ahoa, kono formako txanoa nahiko erraza da, baina koloretako zintak ez zen hariak besterik askatzea; nola egin pentsatu behar izan nuen.
5. Inauterietako zenbat pertsonaia egin dituzu?
Altsasuko pertsonaiak: momotxorroa, sorgina, akerra, juantranposo eta maskarita. Herri inauterietako zakua, Urdiaingo momoxarroa, eta Unanuko mamuxarroa. Ituren eta Zubietako joalduna, Lantzeko Miel Otxina eta Zalduendoko Markitos. Azkenak, Miel Otxin, mamuxarroak eta Markitos izan dira, aste honetan egin ditudala. Markitosen astoa Olentzerok utzi dio.
6. Zenbat denbora ematen duzu pertsonaia bakoitzarekin?
Behin planifikatuta dudanean, gutxienez hiru egun. Ordu asko sartzen.
7. Zertarako egiten dituzu? Saltzen dituzu?
Ni ez naiz honetara dedikatzen. Zaletasun bat da. Panpin asko oparitu ditut, baina ez dut inoiz saldu.
8. Zergatik erabaki duzu erakustea?
Miel Otxin egiten ari nintzela, Uxuri, 11 urteko iloba, etorri zen; oso fantasiosoa eta espontaneoa da eta galdetu nion ea gustatzen zitzaion eta baietz esan zidan, pila bat, baina pena bat dela. Galdetu nion ea zer zen pena bat, eta esan zidan: "Artea kartoizko kutxa batean gordeta egotea". Ea zer esan nahi zuen galdetu nion, eta esan zidan artea munduak ikusi behar zuela. Esan nion fantasiosa bat zela eta ez zela artea, amigurumi zela, eta esan zidan berdin zuela, oso polita zela eta erakutsi behar zela. Bultzada txiki bat eman zidan, esan zuen moduagatik.
9. Norbaitek diru asko eskaintzen badizu?
Ez! Bizitza osoan zehar labore asko egin ditut, baita kaikuak ere. Asko. Hau niretzat opari bat egiteko da, detaile atsegin bat. Arranberak, panpintxoak eta abar oparitu ditut. Etortzen bada lagun min bat eta Olentzero ikusi duela eta bere senidearendako egiteko eskatzen badit, ez dakit ezetz esaten. Baina opari bezala.
10. Erakusketa bat egingo zenuke?
Proposatzen badidate, egingo nuke. Andoni, semea, irakaslea da eta Urdiaingo eta Olaztiko eskoletara eraman zituen. Urte batean Altsasuko liburutegian egon ziren ere. Iortiak, esaterako, eskatzen badit, ez zait inporta jendeak ikustea. Ilobak hori esan ondoren... (Oharra: elkarrizketa Guaixe astekarian publikatu ondoren Iortiako Altsasuko inauterietako erakusketan jartzeko gonbitea jaso zuen).
11. Zer da zuretzat ehuntzea?
Adituen arabera ehuntzea oso onuragarria da gaitasunak garatzeko orduan; baita lasaitzen gara ere. Ni oso urduria naiz, eta estresa txikitzen zait. Hasieran, ez dakidala nondik hasi, erotzen naiz; baina behin ateratzen hasten denean asebetetzea sekulakoa da. Artisautza ez galtzea eskatzen dut. Denok egin dezakegu gure eskuekin sortutako gauzak. Gazteago nintzenean esaten zidaten zaharra ematen nuela ehuntzen nuelako, ez omen zelako modernoa. Antza denez modan jarri da, eta izugarri pozten naiz. Orain gazteek hainbeste TikTok ikusten dutela, eskatzen diet bideo kreatiboak ikusteko, eta sortzeko.