Saskibaloia

CBASK-eko bi talde nagusiak, garaipenaren xendan

Guaixe 2025eko otsailaren 20a

Azken jardunaldian garaipena lortu eta gero, mutilen bigarren autonomikoan CBASK Narum Fisioterapiak Larraona Claret hartuko du, eta nesken lehen senior mailako CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak San Ignacio

Mutilen bigarren maila autonomikoan hamazazpigarren jardunaldia jokatu berri da. CBASK Narum Fisioterapia taldeak Universidad de Navarraren kontra jokatu zuen, OPUS-eko unibertsitateko instalazioetan. Partida parez pare hasi zuten bi taldeek, baina talde altsasuarra berehala aldea ateratzen hasi zen eta bukaeraraino aurretik joan zen markagailuan. Aimar Azpirozek 15 puntu egin zituen.

Sailkapen orokorrean Castillo de Gorraiz Valle de Egüesek berreskuratu du lidergoa (29 puntu), puntu berberekin Noain eta Nasabi San Ignacio segika dituela. CBASK Narum Fisioterapia seigarren da (26 puntu). Hemezortzigarren jardunaldian talde altsasuarrak sailkapenean hamargarren den Larrona Claret taldea hartuko du otsailaren 26an, asteazkenarekin, 20:00etan Zelandi kiroldegian. 

Neskak, 1-8 postuen sailkapen fasean
Nesken lehen senior mailako CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak 1-8 postuen sailkapen faseko bigarren jardunaldia jokatu zuen. Lehen jardunaldian galdu eta gero, bigarrenean gailentzea lortu zuten, Lizarran jokatutako partidan Ega Perfil Oncineda taldeari 35-44 irabazita.  Partida hasieratik aldea hartu zuten altsasuarrek –18 tantoko aldea izatera iritsi ziren–, eta garaipena ongi kudeatu zuten. 

Sailkapenean Larraona Claretek segitzen du buruan (16 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak seigarren postuan jarraitzen du (11 puntu). Bigarren faseko hirugarren jardunaldian talde altsasuarrak sailkapenean hirugarren den San Ignacio hartuko du Altsasun, otsailaren 21ean, larunbata, 20:00etan, Zelandi kiroldegian.