Dantzalekuko igerileku ertaina konpontzeko deialdia egin du udalak

Guaixe 2025ko ots. 24a, 11:51

Dantzalekuko igerileku ertaina. UDALA

Lanak egiteko hiru hilabete izanen ditu enpresak.

Altsasuko Udalak Dantzaleku kirol gunean dagoen igerileku ertaina eta konpentsazio ontziak konpontzeko lanen deialdia egin du. Udalak lan hori emateko deialdia hirutan egin zuen joan zen urtean, baina hirutan ez zen enpresarik aurkeztu. Hori saihesteko bi neurri hartu ditu udalak: kontratuaren kopurua handitzea eta lanak bi lotetan banatzea. Lanek guztira 56.987,10 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute, aurreko deialdian baino 7.712,42 euro gehiago. Obra bere gain hartu nahi duenak eskaintza martxoaren 4ko 23:59ra arte aurkez dezake. Kontratua bereganatzen duen enpresak hiru hilabete izanen ditu lanak despeditzeko.  

Bi lan dira egin beharrekoak. Batetik, igerilekuak duen zeramikazko estalduraren gainean PVC armatuzko estaldura berria jartzea aurreikusten da. Horrela, iragazketa arazoak konpondu nahi ditu udalak. Izan ere, ur ihesek beharrezkoa egiten dute etengabe ura ematea. Lan hori egiten duenari udalak 25.891,93 euro (BEZik gabe) ordainduko dizkio. 

Bestetik, igerileku handiaren eta txikiaren instalazioaren konpentsazio hodiak ere konponduko dituzte. Konpentsazio ontzi horiek hormigoi armatuz eginak daude eta ura pasatzen uzten dute, barrutik kanpora eta alderantziz. Urak kanpora ihes egitearen ondorioz, igerilekuei ura etengabe bota behar zaie. Konpentsazio ontzietara ura sartzearen ondorioz, berriz, lohiak sartzen dira eta ponpak trabatzen dituzte. Lan horren balioa 31.094,17 eurokoa (BEZik gabe) da.