Astekaria

Erkudengo Ama Abesbatzaren zuzendaria, Urrezko Domina

Guaixe 2025ko ots. 25a, 08:46

Saritutako lau zuzendariak, ezkerretik bigarrena Inma Arroyo altsasuarra. SARRIGURENWEB.COM

Nafarroako Abesbatzen Elkarteak aitortza eginen dio, besteak beste, Inmaculada Arroyori.

Abesbatzen lau emakume zuzendarik jasoko dute Nafarroako Abesbatzen Elkartearen 2025eko FCNAE Urrezko Domina, tartean Inmaculada Arroyo Goikoetxea Altsasuko Erkudengo Ama Abesbatzaren zuzendariak. Koro musikarekin duten pasioa eta konpromisoagatik jasoko dute domina Arroyorekin batera, Laura Calvo Zalacain, Marisol Perez Olaetxea eta Alicia Oses Carro. Sari banaketa martxoaren 8an izanen da, Emakumearen Nazioarteko Eguna, Iruñeko Dominikoen elizan emanen duten kontzertuan. Emanaldian, medaila jasoko duten zuzendarien koroek parte hartuko dute: Erkudengo Ama, Tafallako Tubala Uxoa, Lesakako Abesbatza eta Agrupacion Coral Tafallesa. 

Inmaculada Arroyo duela 42 urte hasi zen Erkudengo Ama Abesbatzan, eta 27 urte daramatza koroa zuzentzen. 

Elkartearen Urrezko Dominarekin batera lau zuzendariak Detrás del Escenario deitutako ikus-entzunezko batean parte hartuko dute.