Palestinaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu dute

Guaixe 2025eko otsailaren 21a

Altsasun berehalako su etxena eskatu zuten Gazan.

Osasun etxeko hileroko elkarretaratzetik egin dute deialdia. Israel bakartzeko deia zabalduko da Iruñean.

Su etenaren Aldeko Nafarroako Osasun Langileak, NASAFek deituta, osasun etxeetan bilkura egin zen. Su etena Gazan orain lelopean egin zuten bilkura. Haren bukaeran bildutakoek sakandarrak  Yala Nafarroa Palestinarekin taldeak Iruñean deitutako manifestazioan parte hartzera deitu zuten. Mobilizazioa deitu duen erakundeko kideek salatu dutenez, "Israel ez da betetzen ari nazioarteko legediaren arau bakar bat ere. Giza eskubideak etengabe hausten ari da eta Palestinan egindako genozidioak ez du aurrekaririk intentsitateari eta aldebakartasunari dagokionez".

Yala Nafarroa Palestinarekin taldeko kideek nabarmendu dutenez, "giza eskubideen aldetik, nazioarteko eskubide humanitarioak erreklamatu behar dira. Eskubide oinarrizkoenak eskatuz egin behar zaio aurre Israeli. Eta harekin Gobernuek, unibertsitateek... dituzten harreman guztiak eten. Bakartu. Isolatu. Israelek bezain besteko akusazioak ez dituelako inoiz beste estatu batek izan". Azpimarratu dutenez, "etika, lege eta politika marka guztiak hausten ari da Israel". 

Gogoratu dute, ilbeltzean erdietsitako su etena oso hauskorra dela. Genozidioaren erabateko gelditzea posible dela uste dute. Horretarako, Israel presionatu behar dela. Mota guztietako harremanak eten egin behar direla aldarrikatu dute. Palestina libre izan arte mobilizatzen segitzeko asmoa dutela ere berretsi dute.

Yala Nafarroa Palestinarekin taldeak manifestaziorako deia egin du. Israelek ez du bete! Isolamendua orain! leloa du Iruñeko Antoniutti parketik larunbatean, 18:00etan, aterako den protesta.