Euskal herritar eta abertzale sentitzearen harrotasuna aldarrikatu du Hualdek

Guaixe 2025ko ots. 24a, 12:54

Unai Hualde Iglesias eta Javier Ollo Martinez ezkerrean, EAJren Herrialde Batzarrean. UTZITAKOA

EAJ-PNV Nafarroak bere Ohiko Herrialde Batzarra egin zuen afiliatuei Napar Buru Batzar berriak, eta heldu diren urteetarako onartutako jarduera proposamenak aurkeztu zituen.

Nafarroako Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ) sortu zela 115 urte bete ziren otsailaren 21ean, ostiralean. Egun horretan EAJk Ohiko Herrialde Batzarra egin zuen. Hartan Napar Buru Batzarreko (NBB) presidente Unai Hualde Igleseasek EAJk bere historian zehar Nafarroan izan duen papera aldarrikatu zuen: "funtsezko zeregina da aniztasuna errespetatzen duen eremu abertzale eta euskaltzalea mantentzeko eta sendotzeko". Gaineratu zuenez,"EAJ-PNV Nafarroa iragana, oraina eta etorkizuna batzeko aukera duen indar politikoa da, alderdi gisa garatzen jarraitzeko eta Nafarroako herritarrentzat etorkizun hobe baten alde lan egiteko".

Hualdek nabarmendu zuenez, "politikan dena likidoa dela dirudien garai hauetan, Nafarroan euskaldun eta abertzale izatearen sentimendu hori dago, gure nortasunagatik, gure sustraiengatik, gure historiagatik, gure kulturagatik eta euskara bezalako milaka urteko hizkuntza izatearen pribilegioagatik harro dagoena". Hualdek nabarmendu duenez, "Nafarroa bezalako foru sustraiko erkidego batek berezko duen sentimendua da, nahiz eta aurka izan aurreko mendean Espainiako jarrera nazionalistetatik foraltasunari buruz egin zen errebisionismoa". Gaineratu zuenez, "kezkaz eta harriduraz hartu ditugu EH Bilduk entzun berri dituen diskurtsoak, foru lurraldeetako erakundeen papera zalantzan jarriz".

NBBko presidenteak gogorarazi zuenez, "martxoan Batzar Nagusia egingo dugu gure alderdi politikoarentzat urte borobilean: 130 urte beteko ditugun urtean, horietako 115 Nafarroan presente egon garelarik". Hualdek azpimarratu zuenez, hilabeteak daramatzagu orokorrean hausnarketa zabal eta sakona egiten; baina EAJ Nafarroaren kasuan ere hausnarketa propioa eta espezifikoa garatuko dugu, gure errealitate instituzional eta politiko berezia dela eta", adierazi zuen.

Azkenik, Hualdek "egindakoaren balantzea egiteko eta iragana, oraina eta etorkizuna batzeko aukera gisa aprobetxatzeko" deia egin zuen, "belaunaldi berriekin konektatzeko ariketa proaktiboa eta propositiboa egiteko asmoz".