Altsasuko Udalak, CaixaBankekin elkarlanean, 6 tailer antolatu ditu, helburu hauekin: adinekoen autonomia sustatzea, haien garapen pertsonalerako aukerak eskainiz, eta haien komunitatearekin konprometitutako bizitza oso bat garatzen lagunduko duten laguntza-harremanak eraikitzea bultzatuz. Gainera, bakardade egoerak detektatu eta hartzeko eta horiei erantzuna emateko helburua dute tailerrek. Aldi berean, altsasuarrak sentsibilizatu nahi dituzte bakardade egoera desberdinak prebenitu eta arintzeko, baita zahartze aktiboa bultzatzeko ere.
Ikastaro guztiak doakoak dira, baina aurrez izena eman behar da. Horretarako, 948 46 83 43 telefono zenbakira hots egin daiteke 09:15etik 13:00etara edo miraola@altsasu.net posta elektronikoko helbidera idatzi. Tailer guztietan plazak mugatuak dira.
Tailerrak
Baikortasunez bizi tailerren bidez parte hartzaileei beraien garapen pertsonalerako behar dituzten ezagutza eta teknika psikoemozionalak eskainiko zaizkie. Saioetan estrategiak landuko dira emozio ongizatea, ondoeza eta gatazkak kudeatzea edo bakardadeari aurre egitea. Tailerra hamahiru saioz osatuta dago. Iortia kultur gunean izanen da, astelehen eta asteazkenetan, 10:00etatik 11:30era, martxoaren 3tik apirilaren 14ra.
Idazketa sortzailea tailerraren bidez gune malgu bat eskaini nahi zaie parte-hartzaileei, haiek esperientziak eta testuak parteka ditzaten. Helburua idazteko motibazioa areagotzea eta testu artistikoak sortzeko beharrezko trebetasunak hobetzea da. Giro segurua eta erosoa bermatzen da, taldeko pertsona guztien arteko harreman onak sustatuko dituena. Tailerra Iortia kultur guneko erabilera anitzeko aretoan izanen da. Martxoaren 11n hasi eta maiatzaren 20ra arte asteartero eginen da, 17:00etatik 19:00etara.
Zure ongizatea elikatu tailerrean elikadura osasungarri eta orekatua izateko jarraibideak eta ohiturak irakatsiko dira, osasuna hobetzen lagunduko dutenak. Azken saioetan elikadura intolerantziak eta farmakoen eta elikagaien arteko interakzio nagusiak jorratuko dira. Horretaz aparte, prestatu gabe ondo jateko gomendioak emango dituzte. Hamaika saio izanen dira, maiatzaren 5etik aurrera, astelehen eta asteazkenetan, 17:00etatik 18:30era, Gure Etxea eraikinean.
Sasoiko egoteko I. tailerrean izena ematen dutenek indarra, potentzia muskularra, oreka eta koordinazioa landuko dituzte, erorketak prebenitzeko eta egoera fisikoa hobetzeko ezinbesteko ezaugarriak. Ordubeteko hamasei saio izango dira. Martxoaren 13tik maiatzaren 9ra arte izanen da, astearte eta ostegunetan, 10:00etatik 11:00etara, mojen gimnasioan.
Sasoiko egoteko II. tailerrean, aurrekoaz aparte, egonkortasun lunbopelbikoa landuko da, core ariketen, gimnasia hipopresiboaren bidez, biriken gaitasuna, erraietako funtzioa eta bizkarrezurra hobetzeko helburuarekin. Ordubeteko 16 saio izango dira maiatzaren 13tik garagarrilaren 26ra, astearte eta ostegunetan, 10:00etatik 11:00etara, mojen gimnasioan.