Unai Irigoien

"Nire momotxorroa ez dut ihoteetan mustu"

Guaixe 2025ko mar. 4a, 11:00

Unai Irigoien Ausin hartz mozorroa jantzita. utzitakoa

Astearte ihoteko segizioan aurten ez dira faltako maskaritak, sorginak, Joantranposoak, Akerra eta, jakina, momotxorroak. Mozorro hori jantziko ez badu ere, halakoak egiten aurten hasi da Unai Irigoien Ausin

1 Noizkoa da momotxorro baten zure lehen oroitzapena?
Etxean ditudan haurra nintzeneko argazkiak: nire momotxorro mozorroarekin jantzita. Txikitan gurasoek mozorro bat oparitu edo prestatu zidaten. Urteekin txikia gelditu zitzaidan eta Matxingaiztoz mozorrotzera pasa nintzen, gazte asanbladak asmatutako pertsonaia. Denborarekin txikitatik gustatu zaizkidan beste mozorro batzuk prestatu ditut: zaldi buruaren hezurra daukana eta pertzan gibelak eramaten dituena, eta joan zen urtean hartza. Niretako momotxorro bat prestatu dut azken urteetan, baina oraindik ez dut ihoteetan mustu. 

2 Beraz, txikitatik ihoteetan?
Bai. Txikitatik gustatu zait. Zerbait oso herrikoia, oso gurea da. Eta ez bakarrik ihoteak, baita aurreko hilabeteek dakarten lan eta sentsazio horiek guztiak ere. Talde oso txiki bat gaude. Gustatzen zaigu urtean zehar hilero zerbait egitea: hezurrak, narruak, adarrak eta beste bilatzea. Hori izan da gure denbora pasa. 

3 Aurten zein plan duzu?
Hartzaz mozorrotuko naiz. Joan zen urtean proba izan zen, mozorroa nola ateratzen zen jakiteko. Gezurretako narruak zituen. Aurten benetako narruekin ongi moldatu dugu mozorroa. 

4 Momotxorroak zer egiten du?
Negua bukatzen dela esaten duen pertsonaia da, naturaren esnatzea. Ihoteetan jendea zirikatu eta izutzen du. Eta jantzia duenak ongi pasatzea. Altsasun pertsonaia asko daude. Aurten bereziki maskarita nabarmentzea izan da helburua. Batzordeko lagunek lan ederra egin dute. 

5 Momotxorroz mozorrotzeko?
Saskia, adarrak, narrua, ipurukoa-eta. Hori edozeinek munta dezake. Eros daitezke, baina nork berea prestatzea gomendatzen dut. Nik neuk egindako mozorroak askoz ere gehiago gozatzen ditut. Gainera, baserritar jantzia: zatak, galtzerdiak, mahoizko praka, ator txuria eta odolez zikindutako izara txuria. 

6 Eskulanak gustuko dituzu?
Bai, txikitatik asko gustatu izan zaizkit. Amari ere gustatzen zaizkio eta txikitatik aritu gara denetariko eskulanak egiten. 

7 Momotxorroak egiten, nolaz?
Lagun batzuk bizpahiru urte daramatzagu ihoteen aurretik daukagun denbora mozorroak egitera eskaintzen, ihoteekin zerikusia duen edozer egiten. Nahiko frikiak gara, ni bereziki. Niretako mozorro asko egin ditut. Batzuetan zein jarri ere ez dakit. Hori egiten asko gozatzen dut, zaletasuna da. Zerbait egiteagatik, nituen mozorroak aldatzen ari nintzen. Azkenean, denbora galdu eta nire mozorroei gainkarga jartzen nien. Gainera, dirua xahutzen nuen. Aspaldi nuen buruan momotxorro edo ipurukoren bat saltzea dirua berreskuratzeko. Hori izan da: gustatzen zaidanean denbora ongi ematea, logikarekin. Norbaitek momotxorro edo ipurukoa behar badu, gustura egin dezaket. 

8 Materialak nondik lortzen dituzu?
Lortzea zailena da. Narrua lortzea zaila da, galtzen ari den lan bat delako. Nik uste geroz eta zailagoa izanen dela hori lortzea. Nik Tuterako enpresa batean edo Altsasuko Unamunorenean erosten ditut. Adarrak, behiak dituen jendearekin kontaktuak izatea da, edo mendian aurkitzea. Saltzen duenik bada. Aurpegia estaltzeko erabiltzen den zurda, zaldi ilea, opatzea ere oso zaila da. Denborarekin eta hitz eginda lortzen diren materialak dira. 

9 Jendeak pertsonalizatzeko eskatzen dizu?
Ilbeltzean erabaki nuen momotxorroak egin eta saltzen hastea. Instagrameko Irigoien Momotxorroak duela gutxi hasi nuen. Ihoteak bertan direla, jende dezenteren mozorroa bukatzen ari naiz, eta daukadan materialarekin moldatzen da. Oraintxe bertan kapritxo asko ez ditut ikusi. Dagoena dago. Urte bateko epearekin, bai: "narru hau gustuko dut, edo forma hori". 

10 Denboraldiko lana da?
Mozorroa ahalik eta azkarren egitea gomendatzen dut, denborarekin enkargatzea, gutxienez bi hilabete lehenago sorpresarik ez izateko. Azken unerako utzita, prestatzea zaila izanen da materialak lortzea zaila baita. Eta ihote aurreko egunak denok gozatu behar ditugulako. 

11 Zuk eginak identifikatuko dituzu?
Bai. Ez ditut asko egin, eta nirekin egonen diren jende ezagunarenak dira.