Saskibaloia

CBASK: batean kale, bestean bale

Guaixe 2025ko ots. 27a, 09:59

Mutilen bigarren autonomikoan CBASK Narum Fisioterapiak garaipena lortu zuen, eta nesken lehen senior mailako CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldea erori egin zen. Asteburuan Gazte Berriak eta Liceo Monjardin dituzte aurkari

Mutilen bigarren maila autonomikoan hemezortzigarren jardunaldia jokatu berri da. CBASK Narum Fisioterapia taldeak Larraona Claret hartu zuen otsailaren 26an, Zelandin, eta partida oso lehiatuan –11 aldiz berdindu zuten bi taldeek eta bukaerara arte lehia bizi-bizia izan zen– 86-80 gailendu ziren altsasuarrak, garaipen garrantzitsua. Talde guztia bikain aritu zen eta Unai Flores zer esanik ez, 23 puntu lortu baitzituen. 

Sailkapen orokorrean Castillo de Gorraiz Valle de Egüesek lider jarraitzen du (32 puntu). CBASK Narum Fisioterapiak seigarren jarraitzen du (28 puntu). Hemeretzigarren jardunaldian talde altsasuarrak sailkapenean bosgarren eta arerio zuzena den Bar Soto Gazte Berriak taldea izango du aurkari martxoaren 1ean, 16:00etan, Antsoainen. 

Neskak, 1-8 postuen sailkapen fasean
Nesken lehen senior mailako CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak San Ignacio hartu zuen Altsasun. Lehen zatiko tarte batean alde polita hartu zuen talde altsasuarrak, baina San Ignacio hurbildu zitzaion –hiru aldiz berdindu zuten–, eta aurrea hartu zuen Iruñeako taldeak. Azkenean, 46-54 galdu zuten altsasuarrek. 

Sailkapenean Larraona Claretek segitzen du buruan (17 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak seigarren postuan jarraitzen du (12 puntu). Bigarren faseko laugarren jardunaldian talde altsasuarrak sailkapenean hirugarren den Liceo Monjardin R taldearen kontra jokatuko du  martxoaren 2an, 18:00etan, Liceo ikastetxean.