Ander Corchero Fortuna altsasuarrak Medieval Xtrem Race Polop oztopo proban parte hartu zuen otsailaren 16an, eta 25-29 adin tartean hirugarren sailkatu zen.
Noiz hasi zinen oztopo probetan?
2018an, Mikel nire anaiarengatik. Esan zidan Madrilera joan behar zela kuadrillako batekin Spartan Race proban parte hartzera. Oztopo lasterketa bat zela esan zidan. Interneten begiratu, eta erakarri ninduen; korrika egin behar zen, eta bidean zenbait oztopo gainditu, tartean eskaladako elementuak. Garai hartan eskaladan eta futbolean nenbilen. 2018an Iruñean Farinato Race egin zen, kuadrillako batzuekin probatu nuen, eta horrela hasi nintzen.
Nola prestatzen zara?
Korrika egitera nire kabuz ateratzen naiz, Altsasuko Rokodromoan eskaladan aritzen naiz eta Aizkorrin pixka bat entrenatzen dut, sasoia mantentzeko.
Nolakoa da oztopo lasterketa bat?
Lasterketak 10-12 km-ko ibilbidea izaten du normalean, eta ibilbide horretan hainbat oztopo daude, denetarik: orekakoak; trebeziako probak; pisutsuak, hau da, zakuak, kateak edo pisuzko elementuak mugitzea; suspentsio edo indarrezkoak, hau da, pultsuan edo airean zaudela besoekin indar guztia eginez gainditu beharreko ariketak... Beraz, indarra eta erresistentzia handia behar duzu.
Indarra da garrantzitsuena?
Teknika eta indarra, biak. Indarra behar da, baina batez ere teknika, gehiena.
Zergatik ugaritu dira horrenbeste proba hauek? Ohiko kirolez aspertu al gara?
Alde batetik, baietz esango nuke. Betikoak kirol tipikoak dira, eta hauek berriak dira, eta ezberdinak. Geroz eta indar gehiago hartzen ari dira azken urte hauetan, hasi nintzenetik asko nabaritzen dut.
Sakanan oztopo kirolari gehiago ibiltzen dira edo bakarra al zara?
Nik dakidanez, lehiaketa mailan aritzen naizen bakarra naiz, baina proba herrikoietan, agian sakandar gehiago egongo dira. Artaxoako proba herrikoira Aizkorritik jendea joan zen.
"Korrikako eremuko oztopoak anitzak dira: oreka, pisua, hormak, suspentsiozkoak..."
Zein txapelketetan lehiatzen zara?
Futbolaren antzera, maila ezberdinak daude. Estatu mailako oztopoen liga nazionala dago, gero OCR Series (Obstacle Course Race), futboleko Champions League antzekoa litzatekeena, hau da, estatuko lasterketa zailenak eta gogorrenak, eta, azkenik, kopa edo Espainiako Txapelketa liratekeena. Ni normalean ligan ez naiz aritzen, 25 lasterketa inguru direlako, proba asko, diru asko... bideraezina da. Nahiago dut OCR Serietako zenbait probatan parte hartu, lasterketa gogorrenak, zailenak eta politenak direlako, eta Espainiako Txapelketan aritzea.
Otsailaren 16an Polopen (Alacant) parte hartu zenuen Medieval Xtrem Race, OCR Series-ekoa da?
Bai, hori izan zen lehena. Seitik gora dira, eta tartean daude Unbroken Torrevieja (martxoak 1), Gladiators Day Artajona (apirilak 12), Denontzat Race Irun (maiatzak 3), Oztopo Barik Bilbao (maiatzak 16), Olympus Race Andorra (uztailak 12) eta Spartan Tenerife Trifecta Weekend (azaroak 22-23). Ahal dudanetan parte hartuko dut. Nahiz eta guztiak egin, zure bost lasterketa hoberenek puntuatzen dute.
Ongi hasi zara, Medieval Xtrem Race-en hirugarren izan baitzinen.
Ni 25-29 urte tarteko kategorian lehiatzen naiz, eta maila horretan hirugarrena izan nintzen. Orain kontentu nago, baina momentuan ez, azken kanpa edo konbora lehen postuan iritsi nintzelako, baina orduan bi bikiak igo zitzaizkidan. Biak. Putada bat izan zen, justu azken lana zelako eta oztopo zailenak bertan izaten direlako. Sei-hamar oztopo zailen konboa izaten da.
Probak horren gogorrak al dira?
Bai. Medieval Xtrem Race 10 km korrika ziren, eta tartean 51 oztopo zeuden: orekakoak, hormak igo, kargak eta pisuak eraman, suspentsiozkoak... Esaterako, goian zuloz betetako trabesa bat genuen eta guk, esku bakoitzean makil bana genuela, makilak goiko trabesa horietako zuloetan sartuz zeharkatu behar genuen tarte hori, airean geundela, pultsoz. Handik jaitsi eta segituan bi zirkulu hartu genituen, erdian borobil bat zutela, eta goian zintzilikatuta zeuden makiletan sartu behar genituen, eremua gurutzatzeko. Gero pultsoan gainditu beharreko helduleku batzuen konboa, eta bukaerako konboan 10 metroko eremua gainditu behar zen, denetariko traba eta oztopoekin.
Kirol guztiek dute berea, baina honek sufrikario latza dirudi.
Nik beti diot pista amerikar bat bezalakoa dela; probek atentzioa ematen dute. Eta sufritzen da, bai. Proba berezia da, speakerrak giroa animatzen du, eta azken konboan egoten da jende gehiena, kirolariak animatzen. Ikuskizuna da, show-a.
Bikien arazoa gertatu ez balitz, txapelduna zinateke...
Momentuan pena hori nuen; haserre handia hartu nuen, baina ezin da ezer egin. Iaz, Espainiako Txapelketan antzekoa gertatu zitzaidan. Azkeneko heldulekura lehenena iritsi nintzen, eta proba bukatzeko ezinegonarekin irrist egin nuen. Penalizazioan 400 metroko pistari buelta bat eman behar izan nion 25 kiloko bidoia eta 25 kiloko sokarekin. Bosgarren bukatu nuen.
Zein izan da zure lorpenik onena?
Lasterketa dezente irabazi ditut. Esaterako, bi Medieval Xtrem Race irabazi ditut, eta aurten hirugarren izan naiz. Espainiako Txapelketari dagokionez, 2022an laugarren izan nintzen, 2023an Zuastin jokatutakoan hirugarren, eta iaz bosgarren. Aurtengo helburu nagusiak dira maiatzaren 22an Beguesen (Katalunia) jokatuko den Espainiako Oztopo Txapelketan aurrean egotea, eta ekainaren bukaeran Lisboan jokatuko diren Europako Txapelketak. Lisboan lasterketa ona egitea da asmoa, bertan irabaztea oso zaila delako. Maila handia dago.
Jendea animatuko zenuke?
Jakina! Kirol gogorra da, sufritzen da, baina oztopo guztiak gainditzen dituzunean sentsazioa ikaragarria da. Merezi du. Zure burua etengabe gainditzeko erronka da, pixka bat adiktiboa, egia esan. Korrikaren eta eskaladaren sinbiosia da, oso gustuko dudana. Probatu ezazue!