Inauterien oraina eta etorkizuna

Guaixe 2025ko mar. 3a, 10:32

Altsasuko inauterietako pertsonaiak. MAITE MARTINEZ

Altsasuko herri inauterietako segizioan berrikuntzak izanen dira martxoaren 4an; besteak beste, momotxorroen aurretik sorginak eta akerra, maskaritak eta maskarada orokorra aterako dira.

Altsasuko Herri Ihauterietako batzordean hamabost kide inguru batu direla aurten esan dute Naiara eta Maddi Urkijo batzordeko kideek. Inauteriak pasa eta dagoeneko hurrengoetan pentsatzen hasten direla esan dute, "gure buruetan etengabe gaude inauterietan pentsatzen". Modu ofizialean Altsasuko festak pasata, irailean, hasten dira inauteriak prestatzen; ferietan antolatzen duten txosna prestatzen hasten dira, eta ondoren "gauzak aurreratzen" hasten dira. 

Martxoaren 4an ospatuko dira aurten inauteriak, eta azken urtetan inauteriak izan duen masifikazioa izan da batzordeak izan duen erronkarik handienetako bat, eta aurre egiteko aurten hainbat aldaketa proposatu ditu. Aldaketarik handiena Zelandiko irteeraren ordena izango dela esan dute urkijotarrak. "Momotxorroak 19:30ean ateratzen ziren Zelanditik eta aurten irteera bat 19:15era aurreratu dugu eta sorginak, Akerra, maskaritak eta segizio orokorra aterako da, eta ondoren t'erdietan momotxorroak". Erabaki hau hartu dute mozorrotu gabeko jendea "momotxorroen atzetik ez jartzeko eta inauteri guztia ikusi ahal izateko". Hortaz, jendea mozorratzera gonbidatzen dute batzordetik: "Mahoizko prakak, marradun gonak eta abar jantzi eta etorri inauterietara!". Izan ere, aurtengo beste aldaketa bat izango da Zelandira, odolaren erritualera, bakarrik mozorrotutako jendea sartu ahalko dela. "kanpotik ikusteko aukera izango dute, baina barruan ezingo da sartu". 

Masifikazioari aurre egiteko hartu duten beste erabaki bat da herritarren artean "lehengo inauteria" sustatzea. "Ez lehengo basakeri handia, baina bai aurten momotxorroak animatzen ditugu kalejiratik ateratzera eta herrian bere tokia hartzera; sardearekin kolpatuz, bultzadatxoak eman...". Inauteria horrelakoa dela gaineratu dute. "Etortzen den jendeari inauteria bizirik dagoela erakutsiko diogu, errespetatzeko, eta ez bazaie gustatzen...". 

"Badakigu proposatutakoaren erdia baino gutxiago aterako dela, eta egongo dela jendea gustatuko zaiona eta gustatuko ez zaiona. Hori badakigu. Baina pozik aterako gara, guk lana egin martxoaren 4ra arte egiten dugu; gero ez dago gure esku". Proba-errorea izaten dela gaineratu dute: "Aurreko urtea segizioan eramaten zen soka kendu genuen, eta soka kendu dute;  Foru plazako atea ere inork ez zuelako atea nahi, aurten egongo dira....". 

Aldaketen berri emateko pertsonaia desberdinekin batzarrak egin dituzte. 
"Horrenbeste aldaketa proposatu nahi genituenez pertsonaiei helarazi behar genien. Ezin dugu esan sorginak lehenago aterako direla, eta sorginek ezer ez jakitea". Pertsonaiei haien momentua, tokia eta eginbeharrak zeintzuk diren jakinarazi zitzaien batzar horietan, "baita haiei entzuteko ere. Elkarren arteko komunikazio bat egoteko. Gu ez gara bozeramaileak; ez da inposaketa, haiek entzun nahi genituen ere, hobe antolatu ahal izateko". Batzordean ideia berriak entzuteko prest daudela esan dute urkijotarrak, "mundu guztia da ongietorria".

Berreskurapena
"Berreskurapenaren istorioa ezagutzen dugu, eta prozesu horretan parte hartu zutenak ezagutzen ditugu eta esaten dute: "Beste herri batetik etorri behar izan ziren gure inauteriak berreskuratzera!". Inauteriak prestatzeko prozesuan berreskurapenean parte hartu zutenak gogoan izan ditu batzordeak, "badago jende pila bat ez dakiena beste herri batetik etorri zirela berreskuratzera; orduan, jendeak istorioa ezagutu behar du. Gure inauteria da, baina laguntzera etorri ziren". Galdakaoko taldekoekin hitz egiten eta haiek ere Altsasuko inauteriak egiten dituztenez kontuan hartuta, "oso fuertea" iruditu zaie zer desberdina den haien errepresentazioa Altsasukoarekin konparatuz; "ez dugu izaera berdina, eta hori sekulakoa da". 

Andra Mariren Momotxorroak: Kaos baten istorioa film dokumentala gaur ikusiko dute Urkijo ahizpek. Andra Mariko kideek orain altsasuarrei dagokiela haien istorioa kontatzearen inguruan galdetuta, "batzordean gaudenetik esan izan dugu 50 urtemugarako dokumental bat egin behar dugula hasi zirenen testigantzekin, nola egin zuten eta nola iritsi den gaur egun arte". Sekulako lana dela gaineratu dute, "behintzat buruan dago, eta ez bakarrik gure buruetan. Aspalditik inauterietan sartuta egon direnek ere dute hori buruan".