UPNk bandera erreketa epaitegira eraman du

Guaixe 2025ko mar. 6a, 08:28

Banderari su eman ziotenekoa. FESTARO

Herri ihotea Foru plazan momotxorro batzuk Espainia eta Israelgo banderei su eman zieten. PSNk eta PPk ere gaitzetsi dute erreketa.

UPNk salaketa aurkeztu du Guardiako Epaitegian, Altsasuko herri ihotean Espainiako bandera erretzeagatik. Alderdi erregionalistaren ustez, hori Espainiako banderaren kontrako ustezko laido delitua izan daiteke, "nazioaren eta Konstituzioan adierazitako balio nagusien sinboloa baita". Erregionalistek Espainiako bandera eta Israelgo beste bat erre izana gaitzetsi dute, eta deitoratu dute "asko" geratzen dela "printzipio etikoetan oinarritutako benetako elkarbizitzaz hitz egiteko, ETAren oinordeko politikoek Nafarroako bizitza instituzionalaren eragile nagusi izaten jarraitzen dutenean eta biktimen elkarteek terroristen aldeko ekitaldiak egiten jarraitzen dutenean".

UPNren ustez, "gorrotoak oso presente jarraitzen du eta betikoek ahal duten bakoitzean erakusten dute". Alderdi erregionalistak "faxismo hutsa" dela esan du, eta ordezkari publikoen eta alderdi politiko guztien gaitzespena eskatu du. Azkenik, UPNk adierazi duenez, "nahiz eta batzuk gauza horiek iraganeko parte direla esaten tematu, gure gizartean eboluzionatu ez duten sektore erradikalak daude oraindik, nafar gehienok harro sentitzen ditugun sinboloekiko errespetua eta tolerantzia ezer esan nahi ez dutenendako".

PSN: "sinboloak erretzea ez da inoiz bakerako bidea izango"
Nafarroako sozialistek "gaitzetsi" egin dituzte horrelako ekintzak, "gorrotoa elikatzen dutelako eta desberdinen arteko konfrontazioa bultzatzen dutelako. Intolerantzia, guztiok ordezkatzen gaituzten sinboloen kontrako erasoa ez da bizikidetzarako bidea", esan zuten. PSNren arabera, "gorrotoak ezingo du askatasuna eta demokrazia defendatzeko batasunarekin eta balioekin". Gaineratu zutenez, "gertaera horiek gure gizartean jada lekurik ez duten iraganeko garaietara garamatzate".

Sozialistek azpimarratu zuten horrelako gertaerek "bizikidetza, bakea eta Nafarroan ezarritako errespetua pitzatu" nahi dituztela. PSNk "bizikidetzaren alde lanean jarraituko du" Nafarroan, "eraikuntza soziala sustatuz, eta ez bestelakoa, Foru Komunitatearen aniztasuna, berezitasuna eta errealitatea errespetatuz". Esan zutenez, 

PP: "Espainiako bandera erretzea onartezina da"
Nafarroako PPko buru Javier Garcia Jimenezek esan zuenez, "bakeaz eta elkarbizitzaz hainbeste hitz egiten dutenek eta faxismoaz hitz egiten jarraitzeko historia birmugitzen dutenek Nafarroan gaur egun dagoen faxismoaren adibiderik onena den ekintza bat gaitzestea espero dut".

Azkenik, Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezek sare sozialen bidez adierazi duenez, "bi bandera erretzea lau burugabeen ekintza bat da, eta ez du lausotu behar guk eta bisitariek gozatu genuen festa".