Sunsundeguiko enpresa batzordeko kideen protesta

Guaixe 2025ko mar. 3a, 11:18

Sunsundeguiko CCOO, ELA eta LABeko ordezkariak Parlamentuko sarreran. ARTXIBOA

Konkurtso administratzaileen bulegoaren parean elkarretaratzea egin zuten LABek,CCOOk eta ELAk.

Sunsundeguiko gehiengo sindikalak (LAB, CCOO eta ELA) kontzentrazioa egin zuen enpresaren konkurtso administrazioaz arduratzen den administratzaileen bulegoaren parean ostiralean. UGTko kiderik ez zen izan. Bildutakoek salatu zutenez, “egoeraren inguruko batere informaziorik ez dugu”. Azaldu zutenez, “administratzaileek inbertitzaileari industria proiektua aurkezteko ultimatuma eman zioten, eta, momentuz, zain jarraitzen dugu. Antza, azken egunera arte informaziorik gabe mantendu nahi gaitu, negoziatzeko epe eta aukerarik izan ez dezagun”. 

Hiru sindikatuetako ordezkariek azaldu zutenez, ez Nafarroako Gobernuko, ez inbertitzailearen ezta Sodenako ordezkariak ez dute haiekin bildu izan nahi egoera zertan den azaltzeko. "Irujok esan du gurekin zuzeneko eta etengabeko harremana duela, eta hori gezurra da", gaztigatu zuten. 

Bestalde, Nafarroako UGTko idazkari nagusi Lorenzo Rios Gonzalezek otsailaren 26an esan zuenez, "laster, Sunsundeguirako jarraitutasun alternatiba bat ezagutuko dugu". Diario de Noticias egunkariari emandako elkarrizketa batean izan zen.