Altsasuko Udalaren Osoko Bilkurak 77.279 euroko aurrekontua aldaketa onartu zuen. Diru hori aurten mendian bi inbertsio egitera bideratuko da. Alde batetik, Basoitxin eta Balankalekun egindako landaketak mantentzeko bigarren garbiketa egingo da udan. Beste hiru lan ere aurreikusi dira: Ulaiarren garbiketa, Dermaun itxiturak kendu eta San Pedroko zelaian sasi garbiketa. Beste aurrekontu aldaketa baten bidez Altsasuko Udalak 65.185 euro bideratuko ditu Zelandi pilotalekuaren teilatuko metakrilatoak eta sabai faltsua berritzeko.
Bestalde, festetan bi buruhandi berri izanen ditu Altsasuk. Udalaren aurtengo aurrekontuan 5.000 euro zeuden, eta udalak orain, aurrekontu aldaketa bidez, beste 2.000 euro gehitu ditu. Buruhandien eramaile taldearen eskaerari jarraituz, udalak herriko kulturarekin zerikusia duten buruhandi eskuratuko ditu: Zaldiko itxurako asto bat eta txistulari bat. Javier Ollo Martinez alkateak aurreratu duenez, heldu den urtean beste hiru buruhandi erosiko ditu udalak, hirurek ere ihotearekin zerikusia izanen dute.
Horretaz aparte, udalak kale garbigailu berria erosi du, eta otsaileko hirugarren asteaz geroztik udal langileak hura erabiltzen ari dira kale garbiketa egiteko. Garbigailu berria Bobinados Labrit enpresari erosi dio Altsasuko Udalak 71.958 eurotan (BEZik gabe). Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, "aurreko makina, 2012. urtean erosi zena, mantenduko dugu. Batez ere egun zehatzetan bi makinak lanean egoteko, esate baterako, festa egunetan, orduan gehiago zikintzen delako".