Mutilen bigarren maila autonomikoan hemeretzigarren jardunaldian Antsoainen jokatu zuen CBASK Narum Fisioterapia taldeak, Bar Soto taldearen kontra. Lehen zatian parez pare aritu ziren bi taldeak, zazpi aldiz berdindu zuten, baina partida erdialdera altsasuarrek alde zabala hartu zuten, eta, azkenean, 56-70 irabazi zuten. Unai Flores izan zen partidako jokalari aipagarrienetakoa, CBASK-eko jokalariak 21 puntu lortu baitzituen.
Sailkapen orokorrean Castillo de Gorraiz Valle de Egüesek lider jarraitzen du (34 puntu), eta CBASK Narum Fisioterapia bosgarren postura igo da (30 puntu). Asteburuan 20. jardunaldia jokatuko da. Martxoaren 9an, igandea, 18:00etan, sailkapenean zortzigarren den Liceo Monjardin R taldearen kontra lehiatuko da talde altsasuarra, Liceon.
Neskak, 1-8 postuen sailkapen fasean
Nesken lehen senior mailako CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak Liceo Monjardin R taldea izan zuen aurkari 1-8 postuen arteko sailkapen fasean, Liceon jokatutako partidan. Liceo Monjardin R taldeak hasieratik hartu zuen aldea, eta, azkenean 10 punturen aldeagatik nagusitu zitzaion Altsasuko taldeari, 63-53.
Sailkapenean Larraona Claretek segitzen du buruan (19 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak seigarren postuan jarraitzen du (13 puntu). Bigarren faseko bosgarren jardunaldian talde altsasuarrak sailkapenean laugarren den Navasket SF`Old taldearen kontra jokatuko du. Partida martxoaren 9an jokatuko da, igandean, 12:30ean, Teresianas kiroldegian.