ELAk lan munduko borroka feminista antiarrazistak aztertu ditu Altsasun

Guaixe 2025ko mar. 7a, 12:27

ELAren jardunaldiko parte hartzaileak. UTZITAKOA

300 militantek baino gehiagok parte hartu dute *Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta antolatutako ekitaldian. Gainera, ELAk bat egiten du mugimendu feministak Martxoaren 8a dela eta antolatu dituen mobilizazioekin.

ELAk antiarrazakeria ere klase-kontua da leloa zuen jardunaldia egin du Altsasuko Iortia kultur gunean. Arrazakeriaren kontrako borrokari buruz hausnartzeko hainbat emakumek haien bizipenak azaldu dituzte. Sindikatuak jakinarazi duenez, "gaur egun 8.000 pertsona atzerritar daude ELAn afiliatuta". 

Leire Gallego ELAko Genero Berdintasunerako Politiken arduradunak ekitaldiaren irakurketa politikoa egin du. "Aurtengo Martxoan 8an geure buruari galdetu nahi izan diogu ea emakume guztiak berdinak ote garen, ea guztion interesak eta beharrak berdinak ote diren eta ea sindikatuak emakume guztiak ordezkatzen ote dituen. Zoritxarrez erantzuna ezezkoa da. Seguruenik modu inkontziente batean baina gaur borroka desberdinen intersekzionalitatearen inguruan hitz egin behar dugu".

Gaineratu duenez, "intersekzionalitatea, munduaren konplexutasuna definitzen saiatzen da. Pertsona batek pairatzen dituen opresio eta diskriminazio mota guztiak mugatzen ditu. Ni emakumea naiz eta horregatik opresio zehatz batzuk zeharkatzen naute. Aldiz, txuria naiz, beraz, pribilegioak ere baditut txuria izanagatik". Gallegok azaldu duenez, "guk opresio eta diskriminazio guztiei begiratu eta heldu behar diegu, horregatik ELArendako ezinbestekoa da pertsona migratuek edota arrazializatuek bizi duten diskriminazio guztiak, indarkeriak, prekarietatea eta abar ulertzea eta gure borrokaren parte izatea. 'Gu eta Haiek' muga hori apurtu nahi dugu. Eskubide guztiak denontzat! leloa, eslogan hutsa izatetik haratago, errealitate bihurtu nahi dugu".