Futbola

Tafallatik beste hiru puntu Altsasura

Guaixe 2025ko mar. 11a, 11:15

Altsasu liderrak sendo jarraitzen du, partidarik galdu gabe. Asteburuan bigarren den Gazte Berriak hartuko du Dantzalekun

Emakumezkoen Preferente mailako hemeretzigarren jardunaldia gozoa izan da Altsasurendako. Altsasuarrek Tafallan jokatu zuten martxoaren 8an, Peña Sporten kontra. Partida berehala Altsasu liderraren alde jarri zen, Maddi Mariñelarenak 9. minutuan sartutako golari esker, eta bi taldeen arteko lehiak bizi-bizi jarraitu zuen. Bigarren zatian ederki gozatu zuten altsasuarrek, Nerea Arellanok (2) eta Nahia Lopez de Goikoetxeak 0-4koa ezarri baitzuten. Peña Sportek 75. minutuan sartu zuen lehen gola, eta partida bukatzear zela, deskontuan, bigarren gola. 2-4 irabazita, pozik itzuli ziren altsasuarrak. 

Altsasuk lider jarraitzen du (45 puntu), partidarik galdu gabe, 3 puntura Gazte Berriak Antsoain taldea zelatan duela (42 puntu). Asteburuan 20. jardunaldia jokatuko da, eta hain zuzen ere ligako lehen bi taldeak elkarren kontra lehiatuko dira. Altsasuk Gazte Berriak taldea hartuko du martxoaren 15ean, larunbata, 17:45ean, Dantzalekun. Lehen postua dago jokoan.