Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitza kontatzea zen Patxi Bisquert zinemagilearen helburua. Ombuaren Itzala zen proiektuaren izenburua, eta ametsa betetzeko auzolan "erraldoia" egin zuen. Duela hamarkada baino gehiagoko lana izan da, eta 2021ean auzolanaren bidezko ekoizpena bultzatu zuen zinemagileak. Euskal Herriko zenbait txokotan eta Argentinan grabatu dute, eta Joseba Salegi zinemagile altsasuarra da pelikularen zuzendari laguntzailea. 2024. urtearen amaieran mustu zuen filma, eta martxoaren 15an, larunbata, 18:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean aurkeztuko dute. Filma fatorrizko bertsioan emanen da, euskaraz, gaztelaniazko azpitituluekin, eta zuzendariaren aurkezpena euskaraz izanen da.
Ombuaren Itzala Pello Mari Otañoren biopic bat da. Bertsolariaren bizitzaren atalak kontatzen ditu, bere obraren bidez. Pertsonaia erdian dago eta bertsoek garrantzia dute; bertsolariaren garapen pertsonala eta politikoa ikusten da. Otaño Zizurkilen jaio zen 18571n eta Argentinan 1910ean hil zen. Bisquerti egindako elkarrizketa batean esan zuen garai horietako inguruko pelikula asko ez daudela Euskal Herrian, eta oso urte garrantzitsuak izan zirela ideia berriak sortzen hasi zirelako. Sekuentzia batean ideia berri horiek garrantzia aipatzen dute filmean.
Auzolana
Filma ekoizteko bidea ez da erraza izan. Bisquertek aitortu zuenez, hamar urtetan ate asko jo izan ditu proiektua martxan jartzeko. Proiektuan sinistuta auzolan erraldoia jarri zuen martxan, eta proiektua zabaltzeko hainbat herritan izan zen. Besteak beste, mezenazgoaren bidez aurretik sarrerak erosteko aukera izan zen, eta horrekin ekoizle bihurtzen ziren herritarrak, eta orain pixkanaka filma zabaldu zuen herrietara iristen ari da.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!