Gurasoek familia ardurak eta lana uztartu ahal izateko, Altsasuko Udalak apirilerako Aisiaz Blai programaren eskaintza egin du. Ikastetxeetako udaberriko oporrak datozela eta, udalak gurasoei haurren zaintzan lagundu nahi die. Horregatik, apirilaren 22, 23, 24 eta 25erako, asteartetik ostiralera, eskaintza egin du Txantxari udal ludotekak. Bi ordutegi aukera eskaini ditu egun horietarako: 08:30etik 13:30era edo 11:00etatik 13:30era. Bigarren talde hori irekiko da eskainitako plazak lehen ordutegi aukerarekin betetzen ez badira. Eskaintza 2013 eta 2022 urteen artean jaiotako umeei zuzendutakoa da.
Izena emateko 948 012 012 telefono zenbakira hots egin behar da, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 18:00etara. Bestela, altsasu.eus webgunearen bidez egin daiteke. Errentaren arabera ordaindu beharreko kopurua aldatu eginen da, hamaika zati zehaztu baititu udalak. Gainera, hobariak jasotzeko aukera izanen da.