Otsailaren laugarren asteburuan Trans Gran Canaria Ultra Traill ezaguna jokatu zen Kanaria Handian. Distantzia guztiak kontuan hartuta, 5.300 partaidetik gora aritu ziren. Olatz Azazeta Pelaez altsasuarra Advanced Trans Gran Canarian (82 km) lehiatu zen, bigarren proba luzeenean.
5.300 korrikalari Trans Gran Canarian. Sekulakoa da.
Izena ematerakoan ez nuen espero, gerora ohartu nintzen Trans Gran Canariak duen oihartzunaz. Nazioarteko lasterketa da, mundu mailan oso potentea.
Iaz Aiaramendi taldearekin hasi zinen, eta oso denboraldi ona egin zenuen: Goierriko Bi Handietan bigarren izan zinen, Sansilbestrailen hirugarren, Mitxarro Biran bigarren, Espainiako Txapelketetan ere parte hartu zenuen...
Iaz Urretxu-Zumarragako UZ Trailean (23,4 km) bigarren sailkatu nintzenean deitu ninduen Aiaramendi taldeak. Beraiekin hasiz gero, lagunduko nindutela esan zidaten, materiala emango zidatela eta lasterketa batzuetan parte hartzeko aukera izango nuela. Geroztik beraiekin korrika egiten dut.
Atzetik talde baten babesa duzula nabaritzen duzu?
Bai, batez ere taldeak planteatzen dituen helburuetan, bereziki Euskal Herriko Kopako probetan. Lasterketa horiek prestatzeko laguntza handia izaten dugu. Aparte, korrikalari bakoitzak nahi dituen lasterketak aukeratzen ditu. Harreman estua dut taldeko zenbait korrikalarirekin, emakumeekin bereziki; oraindik ez gara asko mundu honetan, eta lagundu beharra dugu.
Zergatik Trans Gran Canaria?
Iaz Goierriko Bi Handietan (90 km) oso ongi aritu nintzen, eta bertan erabaki nuen nire ibilbidea proba luzeak edo ultrak egitera bideratu behar nuela, distantzia horietan nire gorputza oso ongi ikusten dudalako. Aurten Bi Handietan errepikatuko dut, eta prestakuntzari begira zein probetan aritu kuxkuxeatzen ari nintzela, Trans Gran Canaria azaldu zitzaidan. Duela 7 urte Gran Kanariako unibertsitatean ikasten egon nintzen sei hilabetez, eta pentsatu nuen polita litzatekeela bertara bueltatzea. Trans Gran Canariako itxaron zerrendan eman nuen izena, eta munduko puntuei dagokienez elitea naizenez, onartu ninduten.
Kanaria Handian, irla txiki batean mundu bat dago: hondartza, eremu berdeak, lehorrak...
Lasterketan Kanaria Handia goitik behera ezagutu zitekeen. Lurrazala oso lehorra da. Ez dira hemengo basoak, hariztiak eta pagadiak; hangoa pinua da, lehorra. Kaktus erraldoi batzuetatik pasatu ginen, arroka pila bat zeuden... Ikusgarria zen, mendian korrika ari ginen bitartean itsasoa ikusten genuelako, eta ez hori bakarrik, Teidea ikusi zitekeen, eta gainontzeko irlak. Horrek guztiak egiten du berezia eta polita Trans Gran Canaria, nahiz eta klima oso gogorra izan.
Beroegia?
Ni ez nengoen prest hasieratik horrenbeste bero pasatzeko. Goizean atera ginen, 9:00etan, eta 20:00ak inguruan iritsi nintzen Maspalomasera, oraindik bero handia egiten zuela. 24-25 gradu izango ziren, baina sentsazio termikoa 30-33 gradukoa zen.
Tenperatura horiekin elikagai eta likidoen hornidura ongi egitea ezinbestekoagoa izango zen.
Oso ongi prestatu nintzen, eta kalanbreak eta halakoak ez izateko egin beharreko pausoak ongi egin nituen. Baina lasterketan beti sortzen dira gauzatxoak, eta 30. kilometrorik aurrera arazoak izan nituen: sekulako tripako mina nuen, hiruzpalau aldiz gelditu behar izan nintzen. Azken 20 kilometroetan ezin izan nuen ezer jan, baina pasa ziren haiek ere. Beroaren ondorioa izan zen.
Proba uzteko tentaziorik izan al zenuen?
Proba hain luzeetan beti duzu halako pentsamenduren bat. Bikotekideari horniduran esaten nion: "goazen hondartzara, ez du merezi". Baina horiek unean esaten diren gauzak dira, ez dituzunak benetan sinisten. Kuadrillan bakoitzaren zaletasunen inguruan beti berdina esaten dugu: “hau egiten duzu zuri gustatzen zaizulako”. Gaizki nagoen une horietan esaldi hori gogoratzen dut. Eta pasatzen zaizu.
"Trans Gran Canarian korrika ari ginela Teidea eta beste irlak ikusten genituen"
Advanced Trans Gran Canarian (82 km) emakumezkoetan hamazazpigarren sailkatu zinen (11:07:11), Ida Nilssonetik (8:34:54) 2 ordu eta erdira.
Ezin dut nire burua Ida Nilsson eta halakoekin alderatu. Beraiek profesionalak dira, eta nik nire lana eta nire bizitza dut hemendik kanpo. Denbora gutxiagoan egin nahi nuen lasterketa, 10 ordu eta erdi inguruan, baina luzatu nintzen. Lehendabiziko 55 kilometrotan aurreikusitako denboretan joaten nintzen, oso ongi, 55. kilometrora arte. Azken 30 kilometroak beheraka ziren: eremu oso teknikoa zen, oraindik bero handia egiten zuen, atzean neramatzan kilometroengatik beherakada eman zidan, tripako arazoak nituen... eta denboran pixka bat luzatu nintzen. Dena den, oso pozik nago egindakoarekin eta lasterketaren kudeatzearekin, korrika egiteko zeuden baldintzak niretako ez baitziren egokienak. Azken 30 km horietan sailkapen orokorrean 72. postuan egotetik helmugan 81. sailkatzera pasa nintzen: bederatzi postu galdu nituen. Gainera, azken kilometroan, emakumezkoen sailkapenean hamabosgarren nintzela, bi emakumek aurreratu ninduten. Nik nahi nuen bakarra bukatzea zen, postua berdin zitzaidan. Iritsi naiz, egin dut, eta listo.
Sailkapen orokorrean 81. postua eta emakumezkoenean hamazazpigarrena. Ez dago batere gaizki.
Bai, gainera, nire kategoria emakumezkoen elitea da, 21-29 urteen artekoa, eta nire mailan lehena izan nintzen. Leher eginda bukatu nuen, egindako esfortzuarengatik eta sufrimenduarengatik negarrez. Errekuperatzea kostatu zitzaidan, hankak itsasoan sartzeak lagundu zuen (kar-kar). Orain, distantziarekin eta perspektibarekin begiratuta, oso pozik nago egindakoarekin.
5.300 parte hartzaileen artean beste sakandarrik ikusi al zenuen?
Ez, baina horrek ez du esan nahi egongo ez zenik. Klimarengatik eta garaiarengatik, otsaila, lasterketa hau oso garai txarra da guretako.
Pentsa, ilbeltzaren 18an Larra Belagua Snowrunning lasterketan aritu zinen, elurretan...
Horregatik! Aldaketa handia da.
Nola dator 2025 denboraldia?
Helburu nagusienetakoa, joan zen urtean bezala, uztailaren 11n jokatuko den Goierriko 2 Handiak (90 km) da. Oso polita da, antolakuntza, paisaia, eta jendeari dagokienez. Gauez jokatzen da, eta horrek niri pila bat laguntzen dit. Aurretik, martxoaren 23an UZ Traila jokatuko dut (23,4 km km) eta martxoaren 30ean Sara Korrika Trail (25 km), apirilaren 26an jokatuko den Zubiriko Nafarroa Xtrem (68 km) prestatzeko. Nafarroa Xtrem, aldi berean, Euskal Herriko eta Nafarroako Ultra Trail Txapelketa da, epe motzeko lehen helburua. Udan geldialdia egiten dut, Ordesako Goriz aterpetxean lan egiten baitut. Pirinioak ezberdin ikusten ditut, korrika baino lasai hartzeko eta mendiaz gozatzeko gunea da niretako. Azkenik, urriaren 11n jokatuko den Hiru Haundiak (100 km) egitea gustatuko litzaidake. Araian hasi eta Murgia, Aizkorri, Anboto eta Gorbeia gaindituta. Dortsala lortzen badut, gozamena izango da.
"Nafarroa Xtrem eta Goierriko Bi Handiak helburu nagusiak dira; Hiru Haundiak baita ere, dortsala lortzen badut"
Lanbidez, Sakana Igeriketa Taldeko irakaslea zara. Zure ikasleak oso pozik zaude zurekin, asko laguntzen omen diezu, izugarri estimatzen zaituzte.
Izugarri gustuko dut Sakana Igeriketa Taldeko nire lana. Oso harreman estua dut eurekin, helduen taldekoekin bereziki. Ia egunero egoten naiz beraiekin, nola igeri egiten duten ikusten, nola hobetu dezakegun aztertzen... Emozionalki harreman estua dugu baita ere. Oso talde polita eta jatorra da. Igerilari on eta pertsona bereziak dira niretako, eta horrek nire lanera gustura joatea ekartzen du.
Babes handia duzu: ama, Jone Pelaez, ultra trail korrikalari fina izandakoa da, aita korrikalaria, bikotea ere laguntzaile duzu, lagunak...
Ultretan korrika zaudela gauza askori buruz hausnartzeko tartea duzu, eta sarritan pentsatzen dut inguruan zenbateko babesa dudan: familia, bikotea, lagunak... oso zorioneko sentitzen naiz. Azkenean, ultra bat egitearen xarma inguruan dauzkazun pertsonetan dago. Zuk lortutakoa eurekin konpartitzea, entrenamendu prozesu guztia beraiekin partekatzea eta egitea, ez bakarrik aholkuak jasoaz, baizik eta lasterketak prestatzeko eurekin egin ditzakezun mendi irteerak... nirekin inplikazio handia duen jendeaz inguratuta nago. Beraiekin oso eskertuta nago. Igerilariek ere asko laguntzen didate, beti galdetzen didate zer moduz joan zaidan, kezkatzen dira. Inguruan babes handia dut.