Astekaria

"Ohore bat da Urrezko Domina jasotzea; oso eskertuta nago"

Erkuden Ruiz Barroso 2025ko mar. 19a, 13:21

Inma Arroyo Urrezko Dominarekin. UTZITAKOA

Inma Arroyo Goikoetxea Altsasuko Erkudengo Ama Abesbatzako zuzendariak Nafarroako Abesbatzen Elkartearen Urrezko Domina jaso du, haren ibilbidean egindako lanagatik.

Martxoaren 8an Inmaculada Arroyo Goikoetxea Erkudengo Ama Abesbatzako zuzendari altsasuarrak Nafarroako Abesbatzako Elkarteko 2025eko Urrezko Domina jaso zuen, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidente altsasuarraren eskutik. Arroyorekin batera Laura Calvo Zalacain Tafallako Tubala Uxoa Abesbatzako zuzendariak, Marisol Perez Olaetxea Lesakako Abesbatzako zuzendariak eta Alicia Oses Carro Agrupacion Coral Tafalleseako zuzendariak jaso zuten elkartearen domina. Ekitaldia Iruñeko Dominikoen elizan egin zen, eta abesbatzen kontzertu txiki bat egon zen (Enrike Zelaia akordeoilariak lagunduta), eta lau abesbatzek alkerrekin Agur Jaunak abestu zuten. Arroyo "oso hunkituta" jaso zuen aipamena. 

Noiz hasi zinen Erkudengo Ama Abesbatzan?

"Santa Zezilia egun batean abesbatza ikusi nuen, eta inbidia eman zidan"

Abesbatza sortu eta hurrengo urtean. Sortu zenean Iruñean ikasten ari nintzen, eta hurrengo urtean itzuli nintzen herrira; 1982an. Musika Elemental Mailako ikasketak bukatzeko ikasturte bat gelditzen zitzidan; magisteritza bukatu nuen, eta solfeoko bosgarren maila egiten ari nintzen. Santa Zezilia eguna zen, ez dut inoiz ahaztuko, eta abesbatza kaletik abesten ikusi nuen. Anabel Valencia irakasleari esan nion enbidia handia ematen zidatela, nik ez nuelako koralean egoteko ahotsik, baina asko gustatzen zitzaidala. Berak esan zidan ahotsarena berdin zuela, nik belarrua nuela, eta abesbatza talde bat dela eta ez duzula zertan bakarlari ahotsik izan behar. Ordutik 42 urte. 

Nolakoak izan ziren hasierak? 
Errespetu handia ematen zidan. Kontraltoen kordan sartu nintzen, eta handik gutxira Gabi Alegria gure lehenengo zuzendariak, musika ikasketak nituela zekienez, egitekoak eman zidan: entseguen hasieran lengoaia musikala ematen nien eta gero tenoreen korda burua jarri zidan. Korda burua da abesti bat muntatzen ari garenean ahotsetan banatzen dugu, eta bakoitzak bere ahotsarekin entseatzen du. Pianoa edo melodikoa jo, eta entzun eta entzun joan behar gara. Orain jendeak musika ikasketa gehiago du, baina garai horretan ez. Nik neukan, eta hori da hain zuzen Korazonistetan lan egiten hasi nintzen arrazoia ere; musika irakaslea behar zuten, eta 40 urte daramatzat ere. 

Denborarekin ahotsa aldatzen da? 
Tartean teknika bokaleko ikastaroak eta tailerrak egin izan ditugu. Ahotsa hobetu dezakezu, baina zure ahots tinbrea da daukazuna. Nik tinbre nahiko baxua dut, eta sopranoek altuagoa dute. Teknikarekin pixkatxo bat igo dezakezu, baina zure tinbrea zure ahotsa da.  

Eta kontralto izateak zer esan nahi du? 
Normalean melodia sopranoek eramaten dute, eta besteek, tenoreek, baritonoek, baxuek eta kontraltoek, akonpainamenduak egiten ditugu. Ikasteko zailagoak izaten dira hasiera batean ez delako melodia entzuten eta gerta liteke abestia ez ezagutzea. Batzuetan itsusia dela ere pentsa daiteke. Baina gero dena elkartzean polita entzuten da. Abesti batzuetan izan daiteke melodiaren zati bat eramatea, baina normalean ahots laguntzaileak gara. Horregatik lan handia egin behar da, asko landu behar da, eta gauzak ongi ikasi behar ditugu; gero ahots guztiak elkartzean behar bezala entzuteko. 

Noiz hasi zinen zuzendari? Nola izan zen? 
27 urte daramatzat zuzendari bezala. Bitxia izan zen. Nik jarraitzen nuen tenore kordaren buru izaten eta Lourdes Macho, garaiko zuendaria zena, arrazoi desberdinengatik utzi behar zuen. Tartean Sara Salazar ere izan zen zuzendari, eta Carlos Gorricho orain elkarteko zuzendaria denak ere tartetxo batean hartu behar izan zuen zuzendaritza. Beraz, Lourdes joan zenean Pello Iglesias garaiko abesbatzaren presidentea esan zidan hartu beharko nuela zuzendaritza. Behin behineko; beste pertsona bat lortu arte nik zuzendaritza hartzeko. Hasiera batean inpaktu handia izan zen, gainera Leitzan egin behar genuen topaketa baterako bi abesti prestatu behar genituen, eta nik justu justu banekin konpasa eramaten, baina ez nekien ahotsa bakoitzak gora edo behera egin behar zuen... Ideiarik ez neukan. Orduan, ordutik, niregagna iristen zen zuzendaritza ikastaro bakoitzean izena eman nuen. Trebatzeko. Hainbat tokitan egon naiz; lehenengoa Grausen izan zen, Huescan, eta irakaslea zuzendari oso ospetsuak eta handiak ziren: Javi Busto, David Azurza... Velez-Malagan egon nintzen ere, Eibarren, Ejea de los Caballeros eta abar. Iristen zitzaidan guztia. Oso zuzendari onak ziren irakasleak eta zuzendaritza teknika nolakoa zen erakusten ziguten; abesten zaudenean ikusten ez diren gauzak. Hori oso garrantzitsua da, baina bereziki esperientzia da gehiena. Urteak pasatzen joan diren heinean konfiantza hartzen duzu, bai abeslariekin bai zuzendaritzarekin. 

Gaur egun arte.

"Duela 27 urte zuzendaritza behin behinean hartu nuen; gaur egun arte"

Behin behinekoa zen eta 27 urte daramatzat! Hasi nintzenetik gaur egun arte asko aldatu da. Lan handia egiten, abesbatza asko entzuten eta guztietatik zerbait ikasten. Kontzertu batera joaten naizenean zuzendaria begiratzen dut ea nola egiten du. Elkarteak Nazioarteko Abesbatzen zikloa antolatzen du, Tolosako Lehiaketara datoz, eta Nafarroan kontzertuak egiten dituzte, eta kontzertu horietara ere joaten naiz. Gauza desberdinak egiten dituzte, eta denetarik ikasten da. 

Zein da zuzendari baten lana? 
Lehenengo gauza da zertan egingo dugu lan. Abesbatzara, normalean izaten duzun publikora edo kontzertu horretako publikora egokitu behar zara. Niretako zailenetarikoa erreportorioa aukeratzea da. Behin erabaki dugunean zertan lan egingo dugu, partiturak banatu eta kordetan banatzen da lana. Nire lana da behin bakoitzak bere zatia dakienean dena elkartu. Zentzu bat ematean; ukitua, interpretazioa. Abesti bat zuzendari edo abesbatza batekin edo beste batekin alda daiteke. Lasaiago egin dezakezu, edo fuerteago, ahotsak enpastatu... Belarria oso garatua izan behar duzu. Ahots bat gehiegi entzuten dela eta jaitsi, abesbatza afinatua egon behar da eta abar. Nik keinuen bidez egiten ddut hori. Ni oso keinuak egitekoa naiz, baita aurpegiarekin ere. Partiturekin abesten dute, baina badakite begiratu behar nautela, eta keinu bat egin eta badakite zer egin behar duten. Espresioa eman behar zaio abesten ari den abestiari. Gero, gustura abestu behar da. Saiatu behar naiz jendea gustura abestu dadin. Gustura abesten badugu gehiago transmititzen dugu, eta publikoak ere hori jasotzen du. 

Haserretzen zara? 
Egia esan ez. Agian noizbait zerbait esan... Baina buelta ematen saiatzen naiz. Txantxa asko egiten ditut. Kontuan izan behar dugu asteleheneta eta ostegunetan 22:00ak aldera entseatzen dugula; 21:00etatik 23:0etara. Jendea nekatuta dago. Teknika bokala egin behar dugu, arnastu, proiektatu... Zaila da, baina ulertu behar da jendea nekatuta dagoela, eta egoerari buelta ematen behar zaio. 

Nolakoak dira entseguak?
Iortian zortea dugu. Zerbait berria muntatu behar dugunean entsegu aretoa ez ezik, kamerinoak erabiltzen ditugu. Korda buru bakoitzak bere taldea hartzen du eta kamerinoetara joaten dira. Hiru daude, bat txikiagoa, baina bakoitza berean ixten da eta ez diogu elkarri molestatzen. Muntatzen ari garenean gutxi gora behera entseguaren erdia da, eta beste erdia elkarrekin egiten dugu. Beti saiatu behar gara gutxienez behin elkarrekin egiten. Ez bakoitza bere ahotsarekin egotea etengabe. Ikustea nolakoa izango den abestia. Kontzertu bat dugunean edo ez dugunean ezer berririk muntatu behar, behin eta berriz abestiak egiten ditugu. Nahiz eta abesti oso ezagunak izan edo askotan egin izan ditugun, hasieratik kantatzen ditugun horietakoak izan, beti egin behar dugu; ahotsak nolakoak ziren gogoratu, nola espresatu eta agian niri bolada ematen dit eta zerbait aldatzen dut. 

Nola hartu zenuen abeslari izatetik zuzendari izatera pasatzea?

"Zuzendaria izatea aldaketa handia izan zen, baina esperientzia oso polita"

Aldaketa oso handia izan zen. Baina esperientzia oso polita. Gure abesbatza talde bat da; talde izaera handia dago. Hori da pentsamendua: ongi pasatzera joaten gara, disfrutatzera. Eskatzen dudan guztia ematen didate. Gozada bat da. Orduan, esperientziarekin gauzak beste modu batera egiten ditugu, erraztasun gehiagorekin kantatzen dugu... Oso polita da. Aldaketa deserosoa izan zen agian; urduritasun gehiago pasatzen dut, hori bai; azkenean abesten zaudenean, dagokizuna abesten duzu, zuzendariari arreta jartzen diozu, eta listo. Baina zuzendariaren lana desberdina da.

"Gure abesbatza talde bat da; talde izaera handia dugu, disfrutatzera goaz"

Zorionez taldeak asko emaen dit. Saiatzen dira ahalik eta hobekien egiten. Entseguetan aian behar dena baino gehiago hitz egiten da... Baina ongi. 

Urduri jartzen zara? 
Ni oso urduria naiz. Amorrua ematen dit, baina kontzertu baten aurretik, entseguan bertan, oso urduri jartzen naiz. Hasieran hasiberria nintzenez ulertzekoa zen, baina 27 urteren ondoren oso urduri jartzen naiz oraindik. Sabelan tximeletak jartzen zaizkit. 

Abesbatzen topaketetan parte hartu izan duzue, elkartrukeak egin dituzue, baita bidaiak ere. Zer nolako esperientzia izan da? 
Abesbatzaren 42 urte dira. Gauza asko egin ditugu. Nafarroako beste koroekin elkartrukeak egin ditu, baita kanpokoekin ere. Rock taldeekin kolaborazioak egin ditugu, Los del Rayo kasu; Haize Berriak bandarekin, azkena eguberrietan, baina bandaren historian zehar askotan aritu gara. Etxarri Aranazko eta Irurtzungo abesbatzekin Taupadak egin genuen, Idaretarekin; Enrike Zelaia bidelagun izan dugu; Trasteandorekin ere egin izan ditugu kolaborazioak... Hori gure inguru hurbilean. Oraintxe bertan ari gara ekainaren 7rako kontzertu bat prestatzen eta Lizarrako eta Valtierrako abesbatzak etorriko dira gu ere han egon ginelako. Iruñean ospitaletan abesbatza lagunekin abesten egon ginen ere, eta hori oso polita da. Aberasgarria. Jendea ezagutzen duzu ere. Abesbatzan hasi nintzenean Rotako koralarekin elkartruke bat egin genuen, Cadizen, eta garai horretan abesbatzako kideen etxetara joaten ginen. Gaur egun hoteletara goaz. Orduan, tokatu zitzaigunekin harreman oso estua egin genuen eta gaur egun jarraitzen dugu. Lagunak gara. Abesbatzan ere izan dira argentindar bat, esaterako, Iruñean lan egiten zuela eta gurekin parte hartu nahi zuela, eta Argentinako koral batekin elkartrukea egin genuen. 2003an izan zen hori, eta herrialde asko ezagutu genituen: Brasil, Iguazu ur jauzian egon ginen, Paraguayn... Bi urtetan itzuli ginen, eta Mendoza aldean gon ginen, hegoaldean, Pepito Moreno eta bar dagoela. Bertako koro asko ezagutu genituen. Urdiainen Galesko neska bat bizi zen, eta elkartruke bat antolatu genuen bertako koroarekin. Herbereetako beste neska bat sartu zen abesbatzan, eta bertan egon ginen ere. Bertako abestiak kantatu genituen, besteak beste, Vienan eta Venezian egon ginen... Portugalen ere abestu izan dugu, Katalunian ere abesbatza lagunak ditugu... Bertako ohiturak, gastronomia eta abar ezagutzen ditugu, baina niretako garrantzitsuena da egiten ditugun lagunak. Musikatik harago doa. 

Zein da abesbatzaren osasuna? 
Momentu honetan oso ongi dago. Pandemiak min handia egin zigun; utzi genuen, noski, eta gero izan zen jendea itzuli ez zena. Jende berria sartu da eta momentu honetan ongi dago. Baina abestu nahi duen edozeinendako beti zabalik. Sopranoetan eta baxuetan pixka justu gabiltza, baina orokorrean ongi. Lan handia dugu aurretik. Urte amaiera oso mugitua izan zen eta aurten ere topaketa bat egingo dugu eta beste proiektu handi bat dugu. 

Urrezko Domina jaso duzu. Nola sentitzen zara? 
Hasiera batean sinesgaitza iruditu zizaidan. Guztiz ustegabekoa izan zen. Lau emakume zuzendarik jaso dugu eta ohore bat da. Egiten dugun lanari errekonozimendu bat da. Oso eskertua nago nigan pentsatu dutelako horrelako errekonozimendu bat jasotzeko. Oso hunkituta. Ekitaldia gainera egun berezi batean izan zen, Piñata eguna, eta entseguan abesbatzari esan nionean, bakoitzak inauterietarako bere planak eginak zituen, noski, baina ia denek baietz esan zuten. Batzuk goizean mozorrotu eta ondoren ekitaldira. Aurrerago ospatuko dugu, ziur. 

Zein izan da unerik politena? Eta txarrena? 
Txarrak batzuetan entseatzera joan behar zarela morala egon beharreko tokian ez dagoela joan behar zarela. Baina aurrera egin behar duzu.

"25. urteurrenean sorpresa handia eman zidaten; inoiz egin didaten gauzarik politena"

Askoz gehiago dira une onak, baina badago bat oso-oso berezia: 25 urte bete nituenean, nire ama zendu berri zen, eta ahizpak esan zidan familiako emakumeak bazkatzera joan behar ginela. 12:00etan plazan gelditu ginela, alabak, bilobak... Plazara iritsi eta ez zegoen inor. Apaiza elizatik atera zen eta esan zidan nirekin egon behar zela, berarekin joateko zerbait erakutsiko zidala, arnasa hartzeko, eta elizako ateak irekin... eta hor zegoen abesbatza. Kontatzen hunkitzen naiz. Eliza hutsik zegoen, lagunak eta familia, eta Leonar Cohenen Haleluya abestu zuten, pianoaren laguntzarekin. Nire 25. urteurrenagatik omenaldi bat izan zen. Ni denbora guztian nengoen ez nekiela hori zer zen. Galdetzen nien ea nola antolatu zuten hori. Izkutuan entseatzen zuten, bajera batean. Pentsatzen dudan eta bideoak ikusten ditudan bakoitzean hunkitzen naiz. Hori da inoiz izan dudan gauzarik politena. Sorpesa izugarria izan zen.