Saskibaloia

CBASK-eko taldeak, borrokalariak

Guaixe 2025ko mar. 13a, 09:00

Xabi Gorriz Tattoos taldekoek izugarri borrokatu zuten, baina ezin izan zuten Navasket SF´Old taldea mendean hartu.

Mutilen bigarren autonomikoan CBASK Narum Fisioterapiak Liceo Monjardin R mendean hartu zuen, eta nesken lehen senior mailako CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak Navasket SF`Old taldearekin 6 puntu eskasengatik galdu zuen

Mutilen bigarren maila autonomikoko hogeigarren jardunaldian CBASK Narum Fisioterapiak Liceo Monjardin R taldea izan zuen arerio Liceon jokatutako partidan.  Lehen jokaldietan paretsu ibili ziren bi taldeak, baina berehala altsasuarrek aldea nabaria atera zuten, bukaerara arte mantendu zutena, eta 60-70 gailendu ziren. Unai Floresek 23 puntu egin zituen. 

Sailkapen orokorrean mutilen bigarren maila autonomikoko ligak lider berria du, Nasabi San Ignacio (36 puntu). CBASK Narum Fisioterapiak bosgarren jarraitzen du (32 puntu). Asteburuan 21. jardunaldia jokatuko da. Martxoaren 15ean, larunbata, 18:30ean, sailkapenean laugarren eta arerio zuzena den Noain taldearen kontra lehiatuko da talde altsasuarra, Noainen. 

Neskak, 1-8 postuen sailkapen fasean
Nesken lehen senior mailako CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak Navasket SF´Old taldea bisitatu zuen Teresianen egoitzan. Partida oso lehiatua izan zen eta markagailuan alternantzia nagusitu zen. Bost aldiz berdindu zuten bi taldeek. Partidako azken txanpan Navasketekoek errenta txikia hartu zuten, bukaeraraino mantendu zutena, eta 61-55 gailendu ziren. 

Sailkapenean Larraona Claretek segitzen du buruan (21 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak seigarren postuan jarraitzen du (14 puntu). Bigarren faseko seigarren jardunaldian talde altsasuarrak sailkapenean azkena den Ega Perfil Oncineda taldea hartuko du Zelandin, martxoaren 15ean, larunbata, 16:00etan.