Asteburuan emakumezkoen preferente mailako ligako 20. jardunaldia jokatu zen. Altsasu liderrak sailkapenean atzetik zelatan duen Gazte Berriak Antsoain taldea hartu zuen, sailkapenean bigarren dena, eta partida oso lehiatuan 1-0 gailendu ziren Gorka Chamorrok gidatzen dituen neskak, June Altzelaik 20. minutuan sartu zuen golari esker. Emozioak bukaeraraino iraun zuen, baina markagailua ez zen aldatu, eta garaipena, eta are gehiago, bi jardunaldiren faltan liga irabaztea lortu izana gogoz ospatu zuten Dantzalekun bildu ziren futbol zaleek. Eta, jakina, hirugarren mailara igo izana.
Altsasu liderrak 48 puntu ditu, eta Gazte Berriak bigarrenak 42 puntu. Beraz, bi jardunaldien faltan preferenteko txapelduna dugu Altsasu. 21. jardunaldian Idoyaren kontra jokatuko dute altsasuarrek, martxoaren 23an, igandea, 19:00etan Oteitzako Iturtxipia zelaian.
Klubaren zoriona
Altsasu Kirol Elkartean zorioneko egunak dira hauek. “Altsasuko Kirol Elkartea zorioneko dago. Gure emakumezkoen erregional taldeak hirugarren mailara igoera historikoa lortu du, denboraldi osoko ahalegina, dedikazioa eta lana saritzen duen mugarria. Intentsitate, konpromiso eta sakrifizioz betetako kanpaina baten ondoren, gure jokalariek maila altuagoan egotea merezi dutela erakutsi dute. Joko sendoa, espiritu hautsezina eta zaleen baldintzarik gabeko babesa lagun, merezitako igoera hori lortzeko erronka guztiak gainditu dituzte. Klubetik talde osoa, teknikariak eta zaleak zoriondu nahi ditugu, partida bakoitzean haien arnasa funtsezkoa izan baita. Igoera hau, kirol lorpena izateaz gain, gure erakundean emakumezkoen futbolaren hazkundean beste urrats bat da” mezua zabaldu du Altsasu Kirol Elkarteak.