Altsasuko Udalak, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak eta Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Zerbitzuak elkarlanean Elkar zaintzen duten emakumeak programa garatuko dute atzera ere. Haren bidez bereziki zaurgarritasun egoeran dauden Altsasuko emakumezkoen hobetu nahi dute, ongizatea bere osotasunean ulertuta: fisikoa, psikologikoa, emozionala, soziala…
Parte hartzaileek jarduera fisikoa eta emozionala landuko dituzte. Jarduera fisikoari dagokionez, astean bi ordu izanen dira eta Atabo udal enpresako kirol hezitzaile batek bideratutako saioak izanen dira. Entrenamendu funtzionaleko ariketak landuko dituzte, garatuko diren ariketak gorputzaren mugimendu naturalera egokituz, eta gorputzeko muskuluak eta artikulazioak globalki landuz. Ariketak emakume bakoitzaren baldintza fisikoetara egokituko dira, baita taldearen behar eta interesetara ere. Partaideen ongizatea sustatzeko beraien alderdi emozionala ere landuko dute. Guztira ordu eta erdiko sei eginen dituzte Ana Beaumont psikologoarekin. Anitzartean Zerbitzuko Kulturarteko bitartekaria itzulpen lanetan ariko da.
Izena eman nahi duenak martxoaren 28ra arteko epea du. Horretarako, Gure Etxea eraikinetik pasa behar du 09:15etik 13:00etara. Informazio gehiago eskuratzeko 948 46 83 43 telefono zenbakira hots egin edo miraola@altsasu.net e-posta helbidera idatzi daiteke. Plazak mugatuak direnez, izen-ematearen ordenaren arabera beteko dira.
Helburuak
Egitasmoaren helburuak bost dira. Aurrena, egoera zaurgarrian dauden emakumeen ahalduntze pertsonala eta kolektiboa sustatzeko baliabide eta estrategiak garatzea, nork bere burua ezagutuz, eta norbera nahiz elkar zainduz. Bigarrena, familia-egituretatik harago, emakume anitzen arteko harreman sareak sor daitezen sustatzea, komunitatea indartzeko aurrerapausoak emanez. Horrekin batera, bizimodu aktiboak eta osasuntsuak bulkatu nahi dituzte, jarduera fisikoa egunerokotasunean txertatuz, taldean nahiz natura ingurunean jarduera fisikoa eginez, eta ongizate emozionala sustatzeko estrategiak garatuz, haien ongizate integrala ahalbidetzeko. Aldi berean, mugimendu gaitasunak garatu nahi da, gorputz mugimenduaz gozatuz. Azkenik, hainbat eragileren sare lana indartu nahi da, parte-hartzaileen ongizate fisiko eta emozionala elkarrekin landuz.