Irristaketa

Sakana Patinek goitik hasi du irristaketa denboraldia

Maider Betelu Ganboa 2025ko mar. 25a, 12:00

Liga Nazionalean parte hartzen ari den Sakana Patineko boskotea. utzitakoa

Liga Nazionaleko Gijoneko lehen jardunaldian Noa Floresek, Aiora Resanok, Nahia Zamarronek, Eneritz Fresnedak eta Elaia Agirrek osatutako taldea bigarren sailkatu zen. Nafarroako Pista Txapelketan Aiora Resano Nafarroako txapelduna izan zen

Sakana Patin irristaketa taldeak ongi hasi du ilbeltzean abiatutako irristaketa denboraldia. Nafarroako Kirol Jokoetako (NKJ) txapelketak, Basauriko Indoor Trofeoa, Pirinioen Arteko Trofeoa eta 15 urtez azpiko Liga Nazionala kontuan hartuta, urtea hasita sei txapelketetan parte hartu dute Oscar Zamarron Carravillak entrenatzen dituen irristalariek, eta lan ederra egin dute. Esaterako, Pirinioen Arteko trofeoan Pirinioen bi aldeetako irristalariek parte hartzen dute, espainiar eta frantziar estatuetakoek, eta Aiora Resanok hirugarren postua lortu zuen kimuen mailan.

Liga Nazionala
Martxoaren 8an eta 9an 15 urtez azpiko abiadura irristaketako Liga Nazionaleko lehen jardunaldia jokatu zen Moredan (Gijon), eta bertan lehiatu zen Sakana Patin taldeko boskote bat: Noa Flores, Aiora Resano, Nahia Zamarron, Eneritz Fresneda eta Elaia Agirre. Txapelketa honetan kimuen eta haurren mailako irristalariek parte hartzen dute, eta txapelketa indibiduala izan beharrean, kategoria ezberdinetan irristalariek lortutako emaitzak batu egiten dira. Gijonen hamahiru talderen artean bigarren sailkatu zen Sakana Patin, lehena sailkatu zen Madrilgo CPV Rivas taldetik 8 puntutara. Bi jardunaldi geratzen dira Liga Nazionala despeditzeko, maiatzaren 24-25eko Madrilekoa, eta irailaren 13-14ko A Coruñakoa. Beraz, aukera guztiak zabalik ditu Sakana Patin taldeak. “Gijonen bikain pasatu zuten gure irristalariek. Asteburu pasa joan ginen familiekin, eta esperientzia ederra izan zen guztiendako. Txapelketa honek bizia ematen die, izugarri disfrutatzen dute. Irristalariak lasterketetan ongi aritu ziren. Bigarrenak gara, eta ate guztiak zabalik ditugu, garaipenarena baita ere” nabarmendu du Oscar Zamarronek.

Sakana Patin taldeko lehiaketa taldeak hemeretzi irristalari ditu 2024/2025 denboraldian, federatutakoak. Guztiak entrenatzen ditu Oscar Zamarronek, eta Altsasuko irristaketa taldean trebatzen diren 42 irristalariak baita ere.

Aurtengoa urte berezia da irristalariendako. Munduko Txapelketa eta Europako Txapelketa jokatuko direnez, goitik behera aldatu da egutegia. “Nafarroako Txapelketak eta Espainiakoa aurreratu dituzte, eta horregatik urte hasieran antolatzen genuen Nafarroako Abiadura Irristaketa Indoor Txapelketa, tartean Olaztiko Erburuan jokatzen zen jardunaldia, atzeratu egin behar izan ditugu. Denboraldi bukaeran jokatuko da, azaro aldera”.

Aiora Resano txapeldun
Txapelketek ez dute etenik. Martxoaren 15ean Nafarroako Pista Txapelketa jokatu zen Amayan. Zamarronek azaldu duenez, lan txukuna egin zuten sakandarrek. Gehienak sailkapenaren erdialdean sailkatu ziren. Aiora Resano kimuen nesken mailan lehiatu zen, 26 irristalari zeuden guztira bere mailan, eta dorrobarrak lan ikusgarria egin zuen. “300 m sprintean zilarrezko domina lortu zuen, eta 1.500 m linea eta 3.00 m puntuazioa probetan urrezko domina bana. Beraz, Nafarroako txapelduna dugu”. Resano maiatzaren 3an eta 4an Paiportan jkatuko diren Espainiako Txapelketetarako sailkatu da. 

Hurrengo lasterketa garrantzitsua martxoaren 29an eta 30ean Iruñeko Antoniuttin jokatuko den Nafarroako Zirkuitu Txapelketa izango da. 

Pista lortzeko borrokak segida du
Sakanan irristaketa pista egiteko eskaria eta borroka aspaldi hasi zen, duela 25 urte inguru. Pistaren beharra nabarmena da. “Sarritan abiadura handia hartzen dugu, eta frontoiak txiki geratzen zaizkigu, arriskutsuak dira. Bestalde, lehiaketetan parte hartzeko oso motz geratzen dira frontoiak; Liga Nazionalean bigarrenak jarri ginenean, frontoian entrenatzen dugula kontuan hartuta, askok ere ez zuten sinistu ere egiten”. 

Horregatik joan zen denboraldian astean behin Iruñera joaten hasi ziren Sakana Patin taldekoak, pistan entrenatzera, baina ez da konponbidea. “Ordu bat entrenatzeko arratsalde guztia galdu behar da, eta sarritan bestelako eskolaz kanpoko jarduetara joan gabe geratzen dira irristalari asko. Hori, epe luzera, ez da da bideragarria”. Pista faltak Sakanako irristalariak Iruñeko taldeetara joatea eragiten du. “14-15 urte dituztenean Sakanako irristalari askok Iruñeko taldeetan jarraitzen dute bere ibilbidea, bertan egoki entrenatu dezaketelako. Urtero tanta jario bat dago, bizpahiru irristalari galtzen ditugu”. Sakanan pista izateak egoera guztiz aldatuko lukeela dio Zamarronek. “Guretako sekulakoa litzateke, salto handia. Sakana Patin klub garrantzitsua izan zitekeen”. 

Aukerak
Sakana Patin taldekoek Burunda Txirrindularitza Taldekoekin egin dute bat pista eskatzeko eskarian, txirrindulari hasiberriendako ere pista irtenbide bat delako. Zamarronek azaldu duenez, Altsasuko alkate Javier Ollorekin sarritan bildu dira behar honen inguruan aritzeko. “Bere garaian, Lanbide Heziketaren atzealdean dauden lursail batzuk pistarako egoki izan zitezkeela iruditu zitzaigun. Udalak baimena eta diru laguntza eskatu zion Nafarroako Gobernuari, udaleko bestelako obrekin batera, baina Gobernuak pistaren eskaria atzera bota zuen. Argudiatu omen zuenez, lursail horiek Otadia aterpearen atzealdean daude, eta bertakoendako gunea da nonbait. Hortaz, ezinezkoa da”. 

Pista lortzeko ekimen horretan, beste aukera bat ikusi dute Sakana Patinekoek eta Burundakoek Dantzalekun. Futbol zelai zaharra zegoen eremu zabaleko zati batean futbol 7 zelai artifiziala egin da berriki, Dantzalekuko futbol zelaiko belar artifiziala aldatu zenean baztertutako elementuekin, eta ondoan libre geratzen den eremua egoki ikusten dute bertan pista bat egiteko. “Lursailak udalarenak dira, eta guk lanean jarraituko dugu horrenbeste behar dugun pista lortzeko”.