Dantzalekuko igerilekua udarako prest izanen da

Guaixe 2025ko mar. 25a, 09:01

Dantzalekuko igerileku ertaina. UDALA

Igerileku ertaina eta konpentsazio ontziak berrituko dira. Udalak bi elkarterekin hitzarmenak sinatu ditu

Udako igerilekuan konponketa lanak egiteko lanak hirutan emateko deialdia zuen Altsasuko Udalak joan zen urtean. Bitan hutsik gelditu zen deialdia, ez zen enpresarik aurkeztu. Eta beste batean enpresa bat aurkeztu zen, baina atzera egin zuen. Ondorioz isuna jaso zuen. Oraingoan, diru kopuru handiagoa eskainiz eta lana bi lotetan banatuta, kontratua ematea lortu du udalak. Construcciones Noveleta S.M. enpresak egingo ditu lanak, 56.986,08 euroren (BEZik gabe) truke. Igerileku ertainaren iragazketa arazoak konpontzeko haren zeramikazko estalduraren gainean PVC armatuzko estaldura berria jarriko du. Bestetik, igerileku handiaren eta txikiaren instalazioaren konpentsazio hodiak ere konponduko ditu. Hura barrutik kanpora eta kanpotik barrura sartzen zaie. Urak kanpora ihes egitearen ondorioz, igerilekuei ura etengabe sartu behar zaie. Eta ura sartzearen ondorioz, berriz, lohia sartu eta ponpak trabatzen dira. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, "igerilekuak garagarrilaren bigarren hamabostaldian irekitzea aurreikusten dugu".

Bestalde, Ollok jakinarazi du Altsasuko Dendarien Elkartearekin hitzarmenak sinatu dituela. Alde batetik, "elkarteak tokiko merkataritzaren aldeko animazioa egiteko" aldeek urtero sinatzen duten hitzarmena. Bestetik, herriko dendetan kontsumoa sustatzeko bonoen kanpaina egingo du elkarteak aurten ere. "Udalak 15.000 euro bideratuko ditu ekimen horretara". Alkateak aurreratu duenez, aurten ere Kafe Konpondu jarduera izanen da. "Batuta Sakana elkarteak hondatuta dauden etxetresnak eta altzariak konpondu eta berrerabiltzeko tailerra" zabalduko du Gure Etxea eraikinean. 

Frontoi txikia
Kirol azpiegitura berriko lanak "ia bukatuta daude. Orain Iker Uribe margolariak mural bat margotuko du frontisaren atzeko paretan, eta bertsoa ezker paretan", azaldu du Ollok. Gaineratu duenez, lanak egiterakoan ezustekoak izan dituzte: "frontoia eraikitzeko zorua prestatzen ari zirelarik, Domingo Lumbier ikastetxearena zen berogailu bat agertu zen. Dirudienez, han utzi zuten ikastetxea 1999. urtean bota zutenean. Bestetik, Baratzeko Bide enparantzako iturria eta suhiltzaileendako ur hartuneak hornitzen dituen ur hodi bat agertu zen. Udalak ez zuen ur hodi hori kontrolatuta. Beraz, berogailua kendu zen eta, by-pass baten bidez, ur hodiaren ibilbidea aldatu zen". Horrek guztiak lanak emateko kontratua aldatzea ekarri zuen.

Azkenik, udalak Larrezabalgo bidea asfaltatzeko lanen kontratazio espedientea onartu du. "Asfaltatuko den zatia institutuaren eta Beikolar auzoaren arteko da (860 m)". Horrekin batera, bost baso lan kontratazio espedientea ere onartu du.