Altsasuko Udalak eskatuta, 012tik, inkesta bat egingo da altsasuarren artean, etxeko egur lotearen eredu berri baten inguruko interesa aztertzeko. Izan ere, Altsasuko Udaleko Mendien Batzordea jabetu da etxeko egur sortak gero eta urrunago eta eskuraezinago egongo direla. “Horrek zuhaitzak moztu eta lekualdatzeko garaian istripu arrisku handiagoa ekarriko duenez, komenigarritzat jo dugu egur lotearen modalitate berri bat baloratzea”, azaldu dute batzordekoek.
Udalak altsasuarrei proposatu dien ereduaren arabera, egur lote eskatzaileek enbor osoz osatutako sei tonako lotea jasoko lukete haiek eskatutako tokian. Lantegia egiteaz eta garraiatzeaz udalak kontratatutako enpresa bat arduratuko litzateke. Lotearen prezioa 350 euro ingurukoa izan dela kalkulatu da. Bestalde, zozketa bidez lotea eskuratzen duten altsasuarrek beraiek kenduko dute lotea dagokion eremutik.
Altsasuarrek lotea eskuratzeko eredu horren inguruko interesa ezagutzeko asmoz, inkesta bat egingo da 012 telefonoaren bidez lotea eskatzen duten pertsonen artean.